Abendua 2025
— 2025-12-29Irakurri 277. zenbakia hemen.

Orain dela hilabete batzuk nire lehen zutabea egin nuen, eta hemen ari naiz berriro ere beste bat idazten. Lehengo zutabean ama bakar bateko familian jaiotzearen inguruan hitz egin nuen, eta horren harira nire Saharako ahizparen inguruan hitz egitera nator gaur.
DBH 4an Saharako kanpamentuetara ez joatearen arantza hori kendu nahi nuen, eta jada Nayat hiru urtez jarraian dator Arroabera, udara gurekin pasatzera.
Interneten aurkitutako bost zenbaki ezberdinetara deitu ondoren, azkenean lortu nuen Zumaiako Darahli elkarteko koordinatzailearen zenbakia, nire irakaslea izandako Samuel Ruizena. Segituan deitu nion eta horrelaxe hasi ginen Nayat etortzeko planak egiten.
Zorte handia izan dugu ama eta biok Nayatekin, oso neska irekia eta alaia da. Horrek, noski, ez du kentzen bere haserreak edukitzea. Azkenean guztiz ezberdina den kultura batetik dator. Pena da, ordea, bere azken urtea izango dela gure familian. Orain dela urte batzuk lau urtez etortzen ziren baina orain hiru urtera jaitsi dute. Datorren urtean ea lortzen dugun ama eta biok bere herrira joatea, bere familiarekin ere izugarrizko harremana egin baitugu.
Aurten 200 bat ume etorri dira eta urtetik urtera gehiago etortzea da helburua, ea lortzen dugun. Bizitzari buruz daukadan ikuspuntua guztiz aldatzea lortu du Nayatek. Harrituta geratzen naiz berak kontatzen dizkidan istorioekin, hain gutxirekin zein zoriontsu eta zein pozik bizi diren esaten didanean. Bai, berak kontatzen dizkit. Zeinen azkar ikasi duen euskaraz hitz egiten… Gure familian euskaraz hitz egiten denez euskaraz ikasteko zortea izan du Nayatek. Aurten gainera inoiz baino irekiago etorri da eta dena errazagoa ari da izaten. Hau guztia noski ez zen posible izango nire amama egongo ez balitz, gu lanera joaten garenean berarekin geratzen baita baserrian. Hasieran animaliek errespetu pixka batt ematen diote, eta bukaerako alderantziz izaten da, ez da geldirik egoten!
22 urte besterik ez ditut baina nire bizitzako esperientzia polit eta onenetako bat izan da Nayat nire familian sartzea.
Ea urtetik urtera geroz eta ume gehiago etortzen diren, eta bi hilabetez bada ere haur horiei poztasun apur bat ematen jarraitzen dugun, beraien egoera han oso zaila baita.
Azkenekoz, eskerrik asko Nayat; ama, amama eta nire familiako parte izaten usteagatik.
Eneritz Diaz