Apirila 2026
— 2026-05-04Irakurri 281. zenbakia hemen.

Festa giroan murgilduta jarraitzen dute iraetarrek, izan ere, ekintzaz bete-beterik dute asteburua. Umeen egunarekin hasi zituzten Santa Ines jaiak pasa den igandean auzoan, eta gaur ere ez da ekitaldirik faltako han. Eguerdian, Iraetako Santa Ines Pilota Txapelketaren finaleko partidak jokatu dituzte frontoian.
Zestoako txarangak lagunduta iritsi dira bi partidetako pilotariak frontoira, Vamós al frontón pieza joaz, auzoko elkartetik pilotalekurako bidea egin dute.
Lehenik, emakumezkoen lagunarteko partida jokatu dute. Naroa Salaberriak eta Laia Gastiainek 16 eta 12 irabazi diete Naroa Gastiainek eta Uxue Loiolak osatutako bikoteari, partida estu batean. Ondoren etorri da final handia. Mikel Armendariz eta Arantzeta, Liam eta Mattinen aurka aritu dira. Armendarizek eta Arantzetak partida bikaina egin dute eta nagusi izan dira hasieratik amaierara. Aldiz, Liam eta Mattinek ez dute egunik onena izan, eta ezin izan dute txapelketan zehar erakutsitako maila mantendu. Azkenean, 22 eta 7 gailendu dira Armendariz eta Arantzeta, eta horrela, Iraetako lehenengo txapela eskuratu du bikoteak.
Partida guztiak amaitzean ekin diote sari banaketari, eta garaikurra zein txapela jaso dituzte irabazleek.
Hona hemen arratsaldeko eta biharko egitaraua:
15:30. Gaztetxoen txirrindulari lasterketa.
19:00. Triki-poteoa Naiara eta Maitanerekin.
21:00. Garagardo auzo afaria frontoian.
23:30. Laket taldearen erromeria.
17:30. Errota Harria harrijasotzaileen txapelketa.
