Azaroa 2025
— 2025-12-03Irakurri 276. zenbakia hemen.

Hamalau urtez han eta hemen arraunean ibili ondoren, 2018an arraunari agur esatea erabaki zuen Iñaki Elorzak (1979), Endoiako Barrensoro baserrikoak. Sei urteko geldialdiaren ostean, aurten itzuli da uretara, Orioko taldearekin. Ametsetako itzulera izan du Elorzak: Eusko Label Liga, Kontxako Bandera, eta baita Gipuzkoako, Euskadiko zein Espainiako txapelketak ere irabazi dituzte.
Itsasoak harrapatu zuen
25 urterekin ekin zion Elorzak arraunari, kirol honetaz “arrastorik” ere jakin gabe. Zumaiako Telmo Deunen hasi zen, eta gorengo mailan egin zuen lehen urtean, Kontxara sailkatu ziren azken aldiz. Bost denboraldi egin zituen han, eta ondoren, Santurtziko Itsasoko Ama taldean beste lau. Alaba jaio zenean, etxera gerturatzeko garaia zela erabaki zuen. Talde ugari deika bazituen ere, Orio bihurtu zen bere ibilbidearen hurrengo geltokia.
Hasieran bere burua probatzeko hasi zen Elorza arraunean, baina azkenean “itsasoarekin izugarrizko lotura” hartu zuela aitortzen du. Errioa, ordea, ez omen zaio batere gustatzen, “itsasoa bai, hori asko gustatzen zait. Moldarazi egiten zaitu, ez da dena tira eta kito!”. Eguneroko erritmoa gogorra dela dio, bereziki familiarentzat, “ordu asko dira etxetik kanpo”.
Paroia tarteko
Orion bost denboraldi zeramatzan endoiarrak, emazteari minbizia diagnostikatu ziotenean. 2018a zen eta bere azken denboraldia izan zen ordukoa. “Garai latzak” bizi zituen, bai etxean, baita arraunean ere. Halere, urte hartan Orion irabazitako estropada bere ibilbideko unerik bereziena izateagatik gogoratzen du. “Nire amorru guztia atera nuen, eta estropadan irabazitako txapela niri eman zidaten, bazekitelako
momentu gogorrak zirela niretzat. Emaztea txapel hura jantzita ageri den argazkia da daukadan bereziena”.
Arrauna utzi ondoren, talde askok deitu zioten berriro, baina emaztea zen bere lehentasuna. 2022an zendu zen, eta endoiarrak harrotasunez eta eskertuta gogoratzen du 2018an hartutako erabakia.
Bigarren olatua
Urteek aurrera egin ahala, Elorzak arraunera itzultzeko adinik ez zuela uste zuen, harik eta Iker Zabalaren, Orioko entrenatzailearen, deia jaso zuen arte. Zabalak itzulera itxura onez saldu zion, eta endoiarrak dioenez, “konbentzitzeko doteak ditu kabroiak!”. Azken trena izango zela pentsatu zuen, eta ez zuen pasatzen utzi.
Itzulera ezin hobea izan du, gainera, nagusi izan baita San Nicolas ontzia. “Sekula horrelako talderik ez dut ikusi; familia bat osatu dugu” dio. Eta hori, itsasoan ere, nabaritu da.
Denboraldi hau izan da gehien gozatu duena. Esperientziari esker, presioa beste modu batean bizitzen ikasi du, “orain arrauna lasaiago bizi dut”. Egunerokotasunaz disfrutatu du eta hori ingurukoek ere nabaritu dute; “jo, Elorza, izugarri disfrutatzen ikuste haut”, esan omen zion Zabalak. Kontxako Banderaren astean ere taldeko gazteek astea lorik egin gabe pasatu omen zuten; berak, ordea, aste osoan ederki egin zuela lo aitortu du barrez.
Etorkizuna, airean
Etorkizunaz galdetuta barreak irteten dio. “Urte honetan hainbeste disfrutatu ondoren, beste urte batez ez jarraitzeak pena ematen dit”. Gai hau biraka dabilkio buruan eta gogorik ez omen zaio falta. Hala ere, badaki halako moduan uztea ere “edozein arraunlariren ametsa dela”. Oraindik ez du erabakia hartu: “Nire etorkizuna airean dago, ikusiko da…”.
Oihane Goikoetxea
