Oinarrizko produktuen bilketa handiari ekingo dio gaur Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak

Familiekiko elkarlana eta hartu-emana oinarri hartuta, oinarrizko produktuen bilketa handia egingo du Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak gaur, bihar eta astelehenean.

2020an hasi zen oinarrizko produktuen biltegia martxan Esklabak Zentro Sozialistan, ordutik bost urte igaro dira eta ikasturte honetan ere hemen dator lehen bilketa handia.

Lehenengo bilketa honetan biltegiaren funtzioak zein diren eta elikagai banku tradizionalekin zertan bereizten diren azpimarratu nahi izan dute. Oinarrizko produktuen biltegian kapitalismoaren aurpegi gordinena jasaten duten herritar eta familiei laguntzea dute helburu, irabazi asmorik gabe. Herritarren ekarpen ekonomikoa, borondatezko lana eta langileen antolakuntzaren bidez funtzionatzea dute ardatz. Familiekiko elkarlana eta hartu-emana dute oinarri, egin beharreko lan eta txandak elkarrekin eginez.

Hori horrela, elikagai banku tradizionalek eta gehiago zentratuta FESBALek (Federación Española de Banco de Alimentos) dituen kontraesanak mahaigaineratu dituzte. Izan ere beraien printzipioetan diote akonfesionalak, apolitikoak eta solidarioak direla, baina errealitatetik urrun elikagaien %80 erakunde erlijiosoetara bidaltzen dute: parroki, konbentu eta Opus Dei sektarekin erlazionatutako zentroetara. Zuzendariak eta goi-karguak enpresari eta politikariak dira, Ana Botella kasu.

Enpresek heuren burua zuritzeko eta etekinak ateratzeko erabiltzen dute elikagai bankua; donazioengatik desgrabatu egiten dute adibidez.

Azkenik karitatearen eta elkartasunaren izenean dihardute, baina klase ertainaren kontzientzia lasaitu eta langile klasearen miseria betikotzen dute, ez baitute egoera hori aldatzeko borondaterik ezta interesik ere.

Urola Erdiko Kontseilu Sozialistaren bilketa handiak ostiralean, larunbatean eta astelehenean egingo dituzte Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan. Herritarrei gerturatzeko eta ekarpena egiteko deia luzatu dute.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide