Azaroa 2025
— 2025-12-03Irakurri 276. zenbakia hemen.


ARGAZKIA: Durangoko Azoka
Abenduaren 5ean, Kepa Iribarrek Erleen azken ziztada lana aurkeztuko du Ahotsenea – Literatura gunean, arratsaldeko zazpietatik aurrera. Egun berean, Amancay Gaztañaga Elkar argitaletxeko Artekaleko gunean ariko da sinadura saioan, bakarka zein Urtzi Leonetekin batera. Gainera, abenduaren 6an, Gaztañagak Piztiak (EITB) proiektuaren aurkezpena egingo du Irudienea gunean 12:00etan.
Erakusmahaiei dagokienez, Artekalen kokatutako Nerea Mendizabalen erakusmahaian (015) idazle eta musikariaren lanak aurkitu ahal izango dira. Bertan eskuragai izango dira azken diskoa, Barruko ahotsak, baita bere izebak argitaratutako poema liburua ere, Hitzen aterpean.
Musikaren Plazan (041), urtero bezala, Rodeo eta Ezpalak musika taldeek erakusmahaia elkarbanatuko dute eta bertan izango dira euren lanak aurkezten eta zaleekin harreman zuzenean.
Musikaren Plazan bertan ere, Soinuenearen eta Euskal Herriko Txistulari Elkartearen babespean (034), Garikoitz Mendizabal izango da bere azken nobedadearekin. Iragana betikotzen du izeneko proiektuak, izenburuak berak dioen moduan, euskal musikagileen iraganeko musika lanak betikotzea du helburu, ondare musikalaren transmisioa eta zaintza ardatz hartuta.
Horrez gain, urteko nobedadeen atalean ere bada zer aurkiturik zestoarren artean: Pako Aristiren Iñaki bota daue. Kanpazar, 1975: gerra zikinaren hastapena eta Mikel Ibargurenen Haize begitik poema liburua.