Paperekoa

[ERREPORTAJEA] ‘Españoles, Franco ha muerto’

1975eko azaroa. 11 urte nituen eta Oinarrizko Heziketako 6. mailan nengoen. Gogoan dut Francoren agonia oso luzea izan zela, asteetan eduki zutela intubatuta eta hilzorian, aldian-aldian parte mediko ofiziala emanez, dena lotuta eta ondo lotuta lagatzea lortu zuten arte. Errepresio ikaragarria jasan zuten Francoren diktaduran herri-sektore askok, baina, hala ere, gero eta handiagoa zen protesta politikoa eta gizarte-mugimenduen indarra, eta haiei esker lortu ziren ordura arte erabat zapalduak izan ziren hainbat eskubide.

Ondo gogoan dut bere heriotzaren berri eman zuten eguna. Ordurako bagenuen telebista etxean, eta gogoan dut zuri-beltzeko aparatu hartan Arias Navarro ikusi nuela (ezizenez Malagako harakina, heriotzara bidali zituen errepublikano mordoagatik) negarrez eta “Españoles, Franco ha muerto” famatu hura esanez. Gogoan dut, halaber, –ez dakit dolu-egunak egin ote genituen, eta gero izan zen– Juan Sánchezen klasean, hark diktatuta kopiatu genuela Francoren azken mezua, ez osorik agian baina bai pasarte ezagunen hau (gazteleraz, jakina!): “Nahi nuke, nire azken unean, Jainkoaren eta Espainiaren izenak batu eta denok besarkatu, elkarrekin oihu egiteko, azken aldiz, nire heriotzaren atarian, Gora Espainia! Biba Espainia!”.

Kronologia

Diktadorea hil eta bi egunera, Francok sei urte lehenago bere oinordeko hautatu zuen Juan Carlos Borboikoa errege izendatu zuten. Hasiera batean Carlos Arias Navarro, alegia erregimen frankistako Gobernuko presidentea, karguan mantendu bazuten ere, 1976ko uztailean Adolfo Suarezek ordezkatu zuen, eta indar sozialetako eta alderdi politikoetako buruzagi nagusiekin elkarrizketak abiarazi zituen, estatuan erregimen demokratikoa eta adostasunezkoa ezartze aldera.

1976. urtearen amaieran Erreforma Politikorako Legea planteatu zen eta erreferenduma egin zen. Gipuzkoan eta Bizkaian gaitzespen handia jaso zuen.

1977ko ekainean hauteskunde orokorrak egin ziren, eta PSOEk (9 legebiltzarkide), EAJk (8) eta UCGk (7) irabazi zuten. Handik egun gutxira, Hego Euskal Herriko legebiltzarkideen batzarra osatu zuten Gernikako batzar-etxean, 1979an erreferendumean onartuko zen Autonomia Estatutu baten bidez Euskal Herriaren eskubide historikoak itzul zitzatela eskatzeko.

1978an Espainiako Konstituzioa onartu zen. Gipuzkoan eta Bizkaian hautesle-erroldaren herenak baino gutxiagok eman zuen ontzat.

Zestoan dena normal

Itxura batean, dena normal-normal zebilen Zestoan Franco azkenetan zegoen hilabete haietan: Arocena hotelak foileto berria atera zuen herriaren oparotasuna erakutsiz, Arroabera eta Iraetara urak eramateko obrak martxan ziren, kiroldegia eraikitzeko asmoa zegoen eta gobernu frankistaren dirulaguntza jasoko zuen, San Joango bidea konpontzen zebiltzan, herritarrak oso kexu ziren harrobiko hautsa zela-eta, Erentxunek hitzaldia eman zuen, Ekaingo haitzuloan indusketak bukatzear zauden…

Jose Goikoetxea alkateak bere lorpenen berri eman zuen prentsan: udaletxeko batzar gela zaharberritua, anbulatorio berria, Hiri Antolaketarako Plan berria eta “beste hainbat txikikeria”. Proiektuei zegokionez, kiroldegia edo Arroagoiko bide berria aipatu zituen, eta urruneko proiektu gisa, besteak beste, kanposantu berria edo balizko Lanbide Heziketako zentroa.

Azaroaren 20a iritsi zen, ordea, eta denak serio jarri ziren: “Udalbatzaren atsekabea Berorren Gorentasun Estatuburuaren heriotzagatik. Aho batez erabaki da aktan jasotzea Berorren Gorentasun Francisco Franco Bahamonde, Estatuburu eta Armadetako Jeneral Goren, eta lau hamarkadatan esku irmo eta egokiz Aberriaren norabideak gidatu dituenaren heriotzak –gaixotasun penagarriaren ondorioz– Udalbatzari eragin dion atsekabe-sentimendu sakona”.

Ordurako, Erregimenaren kontura betidanik eroso bizi izan ziren zestoar haiek hasiak ziren beren ideiak pixka bat disimulatzen edo birmoldatzen, eta lau hamarkadatan zapalduta egon zirenak, berriz, zulotik lepoa ateratzen. Baina hori dena oso pixkanaka gertatu zen.

Amnistia

Franco hil ondoren, lehenengo gauza amnistia aldarrikatzea izan zen. 1976ko martxorako 361 sinadura bildu ziren Zestoan “politika eta sindikal asmoko eginengatik espetxeratu guztientzat Amnistia orokorra, atzerriratu guztientzat itzulerako askatasun osoa eta Euskal-herriaren herri nahien onartzea” eskatuz, “espetxeratu eta atzerriratuak ere dituen Zestua honetako herrikideen gogoa bere eginik”.

Udal agintarien deliberazioan diplomazia izan zen nagusi. Inork ez zekien zer etorriko zen Franco hil ondoren, eta askok nahiago izan zuten ez gehiegi konprometitzea. Jose Goikoetxea alkatea prest zegoen udalbatzak mozioa ontzat emateko, “baina beti bereizketa argia eginez delitu politikoen eta terrorismo-ekintzen artean”. Azkenean, honakoa adostu zuten “talde politiko, sindikal eta erbesteratu guztiak, ahal den zabalen [amnistiatzea], gizarte zibilizatu ororen arau etiko eta juridiko oinarrizkoenak errespetatuz”.

1977ko urrian etorri zen amnistia legea, baina usteak erdia ustel: preso politikoen amnistia ezartzen zuen lege hark, bai, baina era berean, amnistia ematen zien pertsonen eskubideak urratu zituzten agintariei, funtzionarioei eta ordenako agenteei ere.

Foruak, autonomia, haustura

1976ko udaberrian, artean alderdi politikoak legeztatu gabe zeudelarik, euskal alkateen mugimendua eratu zen, Hego Euskal Herriarentzako foruetan oinarritutako irtenbide autonomista bat lortzeko, eta, aldi berean, alderdi politikoak legeztatzea, euskara berreskuratzea eta euskal lurraldetasuna defendatzea eskatzeko. Zestoako Udalak ere parte hartu zuen mugimendu hartan.

Besteak beste, Estatutu-proiektu bat idaztea eskatzen zen, aldez aurretik eguneratutako foru-erakundeak bilduko zituen gorputz juridiko gisa. Horretarako adituen batzorde bat sortzea ere planteatzen zen. Eskaera hura “preskribaezinak eta ukaezinak diren eskubideetatik zetorren, Euskal Herriak bere erakundeekin gobernatzeko duen eskubidearekin bat etorriz, horrela bere tradizio historikoa berretsiz”. 400 zestoarrek sinatu zituzten mugimendu haren aldarrikapenak.

Uztailaren 21ean, alkateen mugimenduak deituta, lau herrialdetako 70 udal bildu ziren Bergarako udaletxean, eta milaka euskaldunek lepo bete zituzten bertako kaleak.

Pixkanaka-pixkanaka, ordea, autonomiaz harago, subiranotasunaren defentsa, euskal lurraldetasunarena eta herriek autodeterminatzeko zuten eskubidea aldarrikatzen zuen planteamendua hasi zen indartzen. 1978an Herri Batasuna koalizioa sortu zen, non batuko ziren hausturaren aldeko mugimenduak. Handik aurrera finkatuak geratu ziren Zestoa definituko zuten bi tradizio politikoak: Eusko Alderdi Jeltzalea eta Herri Batasuna.

Euskara eta euskal kultura

Euskararen aldarrikapenak indar handia hartu zuen Franco hil eta gero. Esate baterako, 1977ko urte hasieran, Euskadi osoan euskararen koofizialtasuna defendatzeko, sinadura bilketa egin zen Zestoako udaletxeko arkupetan, eta mila sinadura jaso ziren.

Francok ez zuen lortu erabat itzaltzea euskararen eta euskal irakaskuntzaren aldeko lana. 1966az geroztik martxan zen Zestoako ikastola, elizaren aterpean, nolabait esateko. 1976an jauzia eman zuen, eta oinarrizko heziketarako ikastetxe elebidun bat ezartzeko lursailak eskatu zizkion udalari. Interesgarriak dira eman ziren arrazoiak: euskara ezagutzen duten biztanleen kopurua handia da herrian; ikasle euskaldunei zaila egiten zaie haurtzarotik arrotz zaien hizkuntzan oinarrizko nozioak ikasi behar izatea; ikastolak, eraiki zenetik, ikasle gorakada izan du, baina Zestoan eskolaurre maila bakarrik ematen da; handik aurrera ikasketak jarraitzeko Loiolako Ikastolara joan beharra dago, baina ikastetxe hura gainezka dago eta, gainera, nahasmendu handia da umeentzat joan-etorrian ibiltzea.

Ikastolaz gain, indarrez zetorren Zestoako Gau-eskola elkartea ere: “Une honetan jende helduarekin egin daitekeen lanik garrantzitsu eta oinarrizkoena berauek alfabetatzea da”.

Kultura aldetik, lehendik ere, dinamismo handia nabaritzen zen, baina orduan lehertu egin zen. Ez da hau tokia hain fenomeno zabal batez luzatzeko baina ezin dira aipatu gabe utzi Zestoako kultur giroaren hainbat adibide, esaterako, 1976an abiatu zen Euskal Zinema Amateur Topaketa, 1977an egin ziren hainbat bertsolari jaialdi, Uztapideri Endoian egin zitzaion omenaldia (“Egun bikaña Endoia’n” Basarrik zioen bezala), antzerki emanaldiak eta abar luze bat. Euskara batuaren inguruko eztabaida etengabe haiek alde batera utzi gabe.

Bizikidetza (ordena publikoa)

Franco hil aurretik eta ondoren hainbat herri-sektorek jasandako errepresio gogorrak bere arrastoa utzi zuen udaleko paper zaharretan eta hemerotekatan. Aztergai dugun momentuari helduz, Udala indarkeriaren gorakadarekin kezkatuta agertu zen behin baino gehiagotan: “Azken egunetan gure probintzian indarkeria ofizialak gora egin izanak kezka larriak sortzen ditu herrian. Ordena publikoko indarren artean ohitura bihurtu da ahalik eta indarkeriarik handiena erabiliz bilera eta manifestazio baketsuak desegitea, su-armak erabiltzea baztertu gabe (1976ko iraila)”. Donostiako gertakariak aipatzen zituen udalak, han balaz zauritutako bi lagun, Konstituzio Plazako jai herrikoi batean bildutakoen aurka indar bidegabeena erabili izana, egun berean Groseko danborrada desegin izana, eta horiekin batera Hondarribiko eta Pasaiako gertaera odoltsuak.

Hernaniko gizarte-mugimenduen idazki baten berri ere izan zen 1976ko abenduan. Ondo laburbiltzen du poliziaren gehiegikeria: pertsonen eta partikularren erregistro masiboak; atxiloketa ugari, ia guztiak gaueko orduetan, “atxilotuen, senideen eta, oro har, herriaren larritasunarekin”; tortura eta tratu txar kasuak; errepideko kontrolak areagotzea…

Urraketa horiek denak ez ziren arraroak Zestoan bertan ere. Esate baterako, Euskal Memoria Fundazioaren datuetan, torturatuak izandako 6 zestoar ageri dira garai horiei dagokionez. Baina, batez ere, azpimarragarria da Felipe Suarez Delgadoren erailketa, 1976ko apirilaren 10ean. Felipe, Zestoako Posta Bulegoko burua, Zarauztik zetorren Federico Astilleros lagunarekin. Guardia zibilak hil zuen tiroz bata, zauritu bestea. 1970etik 1982ra, 19 pertsona hil eta 31 zauritu ziren poliziaren tiroen ondorioz errepideetako kontroletan EAEn.

Beste alde batetik, berriz, ETAren eta ingurukoen urraketak zeuden. Pare bat adibide jartzearren, 1978an Jazinto Zulaika bahitu zuten Ourensen, Aizarnako harrobira ekarri eta hankak tirokatu zizkioten; urte berean Juan Sanchez-i metraileta tiro-sorta bota zioten, Zubimusu kalean, baina onik atera zen…

Oso garai odoltsuak bizi ziren Euskal Herri osoan, eta, jakina, Zestoan ere bai; indarkeria klase guztien gurpil zoro etengabe bat: Estatuaren errepresioa eta haren talde armatu paraleloak, ETA, Komando Autonomoak…

Frankismoaren sinbologia ezabatzea

Estatu frankistak ondo definitutako nortasun-elementu multzo oso bat landu zuen diktadurak iraun zuen lau hamarkadatan. Franco hil ondoren, ordea –batez ere, Eusko Alderdi Jeltzalearen ekimenez– hainbat erabaki hartu ziren sinbologia hura ezabatzeko. Aurrenekotako eskaera izan zen Gerra Zibilean hildako frankisten aldeko zestoarren omenez hilerrian jarritako oroitarria ordezkatzea eta gerran hildako zestoar denen izenak jartzea.

Geroago etorri zen Vallellanoko kondearen eta Franco beraren herriko seme izendapena bertan behera uztea. 1977an planteatu zen, berriz, herriko kale izendegia berrikustea, Plaza de España izena kentzearekin hasita (gaur egun Foru plaza). XXI. mendera arte ez ziren, hala ere, ezabatu Etxebizitzaren Institutu Nazionalaren ikur falangista zuten etxebizitza-plakak (Zubimusu kalea) ezta Iraetan eraildako erreketeen monumentua ere.

Frankismoaren ikurrak eta goraipamenak kentzeaz aparte, zenbait herritarri aitortza egin zion udalak, hala nola Felix Aranbururi, Joan Jose Saezmierari eta Joan Erentxuni, 1975eko abuztuan, eta Eustasio Zunzunegi eta Asuntzion Arrazolari, 1977an. Handik aurrera gehiago ere izango ziren, Uztapide, esaterako.

Ikurrina

Ikurrina, ofizialki, 1977ko urtarrilaren 19an legeztatu zen, baina aurretik ere, eta are gehiago Franco hil eta gero, saiakera ugari egin ziren Zestoan ikurrina bistaratzeko. Ezaguna da 1976ko irailaren 8ko argazkia, non kanpandorrearen gain-gainean ageri den euskal zapia eta han kupula gainean hura jartzeko balentria izan zuen herritarra. Behin baino gehiagotan jarri zen ikurrina mendi tontorretan ere, eta maiz ikusi ohi ziren, esate baterako, Ertxiñako gurutzera igotzen edo handik jaisten, trikornioz eta kapa handiz hornitutako guardia zibilak.

Euskal Herriko beste herri askotan bezala, Zestoan ere 1977ko urtarrilaren 19an jarri zen ikurrina udaletxeko balkoian, orduantxe legeztatu zen-eta. Arratsaldeko zazpietan Osoko Bilkura egin zuten Udalbatza osatzen zuten hamar kideetatik zortzik, eta bilkura amaitu bezain laster jarri zen ikurrina balkoian, plaza herritarrez beteta zelarik.

Ikurrinarekiko maitasuna adinakoa zen, urte haietan, ordea, gorrotoa ere, eta ez zen falta izan sabotaje-ekintzarik. Oihartzun handia izan zuen, bere garaian, (El País egunkarian ere agertu zen) 1977ko abuztuan gertatutakoak: nonbait, herrian ikurrina dezente desagertu egiten zirela nabaritu zuten. Egoera horren aurrean, Jose Manuel Etxabe serenoa, uniformez eta bere autoan, zaintza iraunkorra egiteko prest agertu zen. Goizaldeko ordu biak aldera, auto bat hurbiltzen ikusi zuen gasolindegi ingurura, herriko sarrerara, ikurrina zegoen tokira; bi edo hiru minutuz bi bidaiariak, geldirik, ikurrinari begira egon eta alde egin zuten, bi ordu geroago itzultzeko. Sevillar gaztea, ezkongabea, lanbidez gidaria, banderaren mastan gora igo eta ikurrina kentzera zihoala, serenoak esku hartu zuen. Istorio luzea da, baina azkenean ihes egiten saiatu ziren, serenoak harrapatu egin zituen, eraso egin zioten honi, txosten medikoa egin zen, eta matrikula gogoan hartu zuen serenoak. Hurrengo egunean, delako “inkontrolatua” udaletxera joan zen alkatearekin hitz egitera, lagun polizia batekin, baina, tira, ez dugu espoilerrik egingo. Ez dago esan beharrik, “inkontrolatua” polizia, guardia zibila edo jite horretakoa zela.

Fernando Arzallus




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide