Albisteak

Arroabeko airearen kalitatea neurtzeko kabina bat jarri dute auzoko plazan

Arroabeko airearen kalitatea neurtzeko kabina bat jarri zuten azaroan auzoko plazan. Pasa den urteko urrian hainbat auzotar eta Arroako industrialdeko langileren kexak jasotzen hasi zen Zestoako Udala, industriagunetik zetozen partikula metaliko batzuk zirela eta. Partikula hauek autoetan edota bizilagunen balkoietan kalteak egiten hasiak ziren. Gertakari honen aurrean kezkatuta zeuden auzotarrak eta udalari euren ezinegona jakinarazi zieten.

Zestoako Udala Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailarekin harremanetan jarri zen arazoaren berri emateko. Arazoa konpondu ahal izateko ikuskaritza bat egin zuten martxoaren 27an industriagunean. Ikuskaritza egin ondoren, udalak airearen kalitatea neurtzeko kabina bat jartzea eskatu zion Jaurlaritzari eta beste neurri batzuk hartzea ere adostu zuten. Kabina horrekin arroarrak arnasten ari diren airearen kalitatea ezagutu nahi dute. Urtarrilaren 20ra bitartean egongo da auzoko plazan, airearen laginak hartzen. Azterketa honen emaitzek esango dute arazoa konpontzeko hurrengo urratsak zeintzuk izan behar duten.

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide