Albisteak

Talento Gastro 2020ko parrillero onenaren saria eskuratu du Joseba Odriozolak

Araneta Jatetetxeko Joseba Odriozolak lortu zuen atzo Donostiako Maria Cristina hotelean banatu ziren Talento gastro 2020ko parrillero onenaren saria. Bederatzi kategoria ezberdinetako sukaldariak saritu ziren guztira. Maila bakoitzean hiru hautagai zeuden izendatuta eta zestoarra nagusitu zen parrillero onenaren kategorian.

Garaipenak ezustean harrapatu zuen Odriozola: “Ez nuen batere espero sari hau irabaztea”, aitortu du zestoarrak. Oso gustura dagoela azaldu du, eta are gehiago egun bizi dugun momentu gogor honetan. “Beti da pozgarria sari bat eskuratzea, baina koronabirusak eragin duen pandemia garai honetan berri txarrez inguratuta gaude eta, beraz, oraindik eta poz handiagoa eman dit”, azpimarratu du Joseba Odriozolak.

Ez da Odriozolak horrelako sari bat irabazten duen lehen aldia. Zarautz Parrillan lehiaketako arrain parrillero onenaren saria, Donostia Gastronomikako parrillero onenaren saria edota ‘BMW Más Gastronomía’ saria irabazi ditu, besteak beste.

Araneta erretegian egin ohi duten lana aintzat hartu dela uste du eta lanean gogor jarraituko duela adierazi du zestoarrak.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide