Albisteak
Bide berdearen inguruko alkatetza oharra
— 2020-12-05Pasa den ekainean, Gipuzkoako Foru Aldundiko mugikortasun sailak, 2020an bide berdea eraikitzen hasteko lanak atzeratu egin beharko zirela jakinarazi zion Zestoako Udalari. Arrazoien artean, COVID 19ak sortutako eragozpen ekonomikoak eta ETSk (Eusko Trenbide Sarea) eman beharreko baimena atzeratu izana zeuden.
Geroztik, Zestoako Udala mugikortasun sailarekin harremanetan egon da, besteak beste, udalak sailarekin hitzartu zuen Arroabeko lotura eraikitzen ari da eta kostua ere Zestoako udalak finantzatuko duenez, udalak aldundiari behin eta berriz adierazi izan dio bide berdea amaitzeko lanak berehala hastearen beharra, bide berderik gabe udala eraikitzen ari den loturak zentzurik ez lukeelako.
Gauzak horrela, Zestoako alkateak GFAko mugikortasun saileko Rafaela Romero diputatu andereak sinatutako agiri ofiziala jaso berri du, non batetik, falta ziren baimenak eskuratuta eta bestetik aurreikusitako aurrekontua 2021era bideratuta, Narrondo eta Arroabearen arteko bide berdea egiten datorren urtean hasiko dela adierazten den.
Era berean, Iraetako bi tuneletako ikuskaritza teknikoak ere egiten ari direnez, aipatutako zatiko obrak amaitu orduko Iraetara bitartekoari helduko zaio.
Ondorioz, bizi dugun egoerak esku artean ditugun proiektuetan izan dezakeen eragin kaltegarriaz kezkaturik egonda ere, Zestoako Udalak bere poza adierazi nahi du.
Zestoan 2020ko abenduaren 5ean
Mikel Arregi Urrutia
Zestoako Alkatea
Egin zaitez bazkide