Albisteak
Beste lau kasu positibo atzeman ditu Osasun Sailak herrian
— 2021-01-20Atzo egindako PCR frogetan lau positibo gehiago atzeman ditu Osakidetzak Zestoan. Kasu berri horiek gehituta, guztira, 17 positibo daude herrian. Intzidentzia tasak ere nabarmen egin du gora, 333,85 kasukoa zen atzo eta 436,57 kasukoa da gaur.
Mikel Arregi Ertxin alkateak oharra kaleratu du, Covid-19a herrian izaten ari den eraginaren berri emateko asmoz. Zestoak 500eko langa gaindituz gero, eremu gorrian sartuko dela esan du Arregik. Herritarrei honako mezua luzatu die alkateak: “Egoera honi herri bezala guztiok batera aurre egiteko gai bagara, kalteak txikiagoak izango dira eta gure ongizateak ere berme handiagoa izango du”.
Eskualdean 41 kasu zenbatu zituen atzo Osasun Sailak. Azpeitian atzeman dituzte kasu gehien, 21 guztira, eta 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu metatuen tasak 500eko langa pasa du eta eremu gorrian sartu da. Zumaian eremu gorrian jarraitzen dute eta atzo beste lau kasu zenbatu zituzten. Aizarnazabalen ere ez dira oraindik eremu gorritik irten eta beste bi positibo atzeman ditu Osakidetzak herri horretan. Orion ere eremu berean jarraitzean dute, beste lau positiborekin. Azkoitian, bi kasu zenbatu zituzten eta lau Zarautzen. Aian, Beizaman, Getarian eta Errezilen, berriz, ez zuten positiborik atzeman.
Argazkia: 2020ko uztailean anbulatorio kanpoan PCR frogak egiteko jarritako karpa.
Egin zaitez bazkide