Albisteak

Mikel Arregi: “Datozen zortzi egunetan sei positibo baino gehiago izango balira, eremu gorrian sartuko ginateke”

Mikel Arregi Ertxin alkateak oharra kaleratu zuen atzo arratsaldean azken egunetan Covid-19ak herrian izan duen eraginaren berri emateko asmoz. Aurreko astean Gipuzkoako intzidentzia tasarik txikiena zuten herrien artean zegoen Zestoan eta azken bost egunetan hamahiru kasu atzeman ditu Osasun Sailak herrian. Intzidentzia tasa, 49tik 333ra igo dela azpimarratu du alkateak eta birsorkuntza tasa 2,17an kokatu dela.

Egun hauetako datuen bilakaera erabakigarria izango dela azpimarratu du alkateak: “Oraindik ez gara 500eko tasara heldu baina datozen zortzi egunetan sei positibo baino gehiago izango balira eremu gorrian sartuko ginateke 5000 biztanle baino gutxiago dituen herria izanagatik, gure osasun eremuko bilakaera ikusirik, beste herri batzuekin gertatu den bezala Zestoa ere itxi egingo litzateke bertako ostalaritza jarduerarekin batera.”

Eskola txikia itxita

Eskola txikia itxita dago joan den ostiralaz geroztik. Hainbat positibo atzeman zituzten han joan den astean baina “zorionez” haur eta ingurukoei egindako frogen emaitzak negatiboak izan direla azaldu du alkateak: “Itxura guztien arabera bertako agerraldia kontrolatuta dagoenez, gauzak ondo, datorren astelehenean eskola normaltasunera itzuliko litzateke.” Bestalde, hezkuntza eremuan egiten ari diren lana azpimarratu nahi izan du Arregik.

Datozen egunetan kasuen egoera egonkortu eta neurri murriztaileagorik hartu behar ez izatea espero du Arregik, “egoera honi herri bezala guztiok batera aurre egiteko gai bagara, kalteak txikiagoak izango dira eta gure ongizateak ere berme handiagoa izango du” gehitu du alkateak.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide