Albisteak

Gurutzeaga txirrindulari saria jokatuko da larunbatean

Larunbat honetan, uztailaren 4an, jubenilen mailako Gurutzeaga Txirrindulari Lasterketa jokatuko da Zestoan. Txirrindulariak 15:40an abiatuko dira Zestoako Eskola Txikitik, eta irteera neutralizatua 15:45ean egingo dute Foruen plazan.

Guztira 82 kilometroko ibilbidea egingo dute. Lehen bi itzulietan “Zakila bira” izenarekin ezagutzen den zirkuitua osatuko dute. Hirugarren itzulian, Presaldetik Arroagorantz joko dute, eta handik Zestoara itzuliko dira. Azken zatian, Akua, Aizarna eta Iraeta zeharkatu ondoren berriz ere Zestoara iritsiko dira, eta Gurutzean izango dute helmuga.

Lasterketan zehar txirrindulariak bi aldiz igaroko dira herrigunetik. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, trafikoa hiru aldiz etengo da, 5 eta 10 minutu arteko tartean: irteeran, bigarren itzulian Akoara bidean eta lasterketaren amaieran. Herritarrei pazientzia eta seinaleztapenari kasu egiteko eskatu diete.

Bestalde, Gurutzeaga Txirrindularitza Elkarteak boluntarioak behar ditu lasterketan zehar bidegurutzeak zaintzeko. Laguntzeko prest daudenek Urtzirekin (661 391 336) edo Otxuarekin (667 343 245) jar daitezke harremanetan.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide