Larunbatean aurkeztu zuten Lur azpiko lurrak ateratzeko sistema izeneko lana Bilboko Areatzan.
Elhuyar Zientzia Azokan teknologia arloko DBH 3-4 mailako lanik onenaren saria eskuratu du Ekaitz Osa zestoarrak June Berastegi, Iker Iglesias eta Julene Elustondorekin batera. Lur azpiko lurrak ateratzeko sistema proiektuarekin lortu dute saria Urola Ikastola BHI-ko ikasleek. Portugalgo Mostra Nacional Portuguesa azokarako hiru akreditazio lortu dituzte gazteek. Larunbatean aurkeztu zuten lana, Bilboko Areatzan.
Hamabi eta hemezortzi urte bitarteko gazteek ikasturtean zehar egiteko proiektu zientifikoak erakutsi zituzten larunbateko azokan. Edizio honetan 110 lan aurkeztu dituzte eta horietatik 20 aukeratu ditu epaimahaiak. Hogei lan horien artean onena izan da Osa eta bere taldekideena. Azokaren helburuak, gazteen artean zientziarako zaletasuna suspertzea, zientziaren eta teknologiaren mundu erreala gazteei hurbiltzea eta kultura zientifikoa bultzatzea eta zabaltzea dira. Aurten, pandemia egoera dela eta, prozesua online egin da. Gazteek proiektuak ikastetxean garatu dituzte eta bideo-deien bidez egon dira harremanetan ikertzaile profesionalekin.