Albisteak
Ahobatez onartu ziren azken udalbatzarreko gai guztiak
— 2025-06-05Maiatzaren 29ko ohiko udalbatzarrean aho batez hainbat puntu onartu ziren.
Udalaren lur sailen bereganatzea
Maiatzaren 29ko ohiko udalbatzarrean Udalak bi lursail bereganatzeko lagapenari buruzko bi puntu onartu ziren aho batez. Alde batetik, GI-631 errepidearen bulebarizazioarekin lotura duena. Lan hauetarako eragina izan duten lur sail gehienak publikoak ziren arren, gasolindegi aurreko zatia pribatua zen. Nahiz eta bere garaian hitzarmenak sinatuta zegoen, lagapena onartzea udalbatzarretik pasa gabe zegoen. Guztira 216 eta 282 metro karratuko bi lursail txiki ziren. Hurrengo pausua notaritzan sinatu eta lurren jabea udala egitea izango da.
Beste lursailak, Astiaran enpresak 2007an eraikitzen hasi eta amaitu gabe dagoen etxe promozioarekin du lotura. Alkatearen esanetan, etxebizitza hauen egoera herrian zeresana ematen duen gaia da, baina saiaketa batzuk egiten ari diren arren itxaropen handirik ez dute etxe horiek epe laburrean amaitzeko. Dena den, iparraldeko eremuan inguruko auzorrarrek aparkaleku modura erabiltzen duten 34 metro karratuko lursail txikiaren lagapena onartu dute.
Plan ekonomiko finantzieroa
Udalbatzarreko beste puntu bat ere aho batez onartu zen, aurreko udalbatzarrean aurkeztutako plan ekonomiko finantzieroa onartzea, hain zuzen ere. Plan horrek 2025 eta 2026 urteei eragingo die eta Udalaren defizita zero izatera behartuko du.
Alkatearen esanetan, 2025eko aurrekontuak norabide horretan onartu ziren eta espero du 2026ko inbertsiotarako foru funtsetik bolumen ona izatea eta egoera honek udal jardunari eta herrian egin beharreko inbertsio eta eskaini beharreko zerbitzuei ez eragitea. “Nahiz eta egitasmo batzuk baldintzatuta geldituko diren, kudeaketa on batekin hau ere gaindituko dugu” uste du alkateak.
Kiroldegiko barne araudiaren haserako onespena
Herritarrek kiroldegian egiten dituzten sartu-irteerak kontrolatzeko tornuak jarri dira eta hauei dagokien araudiaren haserako onespena ere onartu zen udalbatzarrean aho batez. Arregiren esanetan, Udalari, erakunde publiko modura, iruzurrari aurre egitea dagokio eta modu honetan, txartel sistema honek bazkide izan gabe sartzea saihestuko du. Sistema operatibo dago eta ondo funtzionatzen du, baina araudia onartu behar da martxan jarri aurretik. Araudi hori aurkeztu da dagokion batzorde eta kirol mahaian eta 30 egun jendaurrean egon ondoren, alegaziorik ez balego, indarrean sartuko da.
Egin zaitez bazkide