ALKATEGAIAREN HAUTAKETA

Zestoako ehbildu datorren maiatzaren 26an izango ditugun Udal Hauteskundeetarako alkategaiaren aukeraketa prozesuan buru-belarri sartua dago.

Pasa den urte amaieran herritarren proposamenak jasotzeko helburuz gune ezberdinak jarri genituen eta inoiz izan den parte hartzerik handiena izan dela azpimarratu behar dugu. Izan ere, 21 herritar izan dira alkategai izateko proposatuak eta 87 herritar berriz zinegotzi izateko.

Ondorioz, alkatetzarako proposatuak izan diren kideen babes kopuruaren arabera alkategaia izendatzea da Zestoako ehbilduren asmoa.

Bestalde, sistema telematiko bidez alkategaia proposatzeko epea ere jada zabaldua dago, horretarako elkarrekin.ehbildu.eus helbidean izena eman behar da eta Zestoan erroldatua dagoen edonork era berean izena emanda dauden lau herritarren abalarekin alkategaia proposa dezake. Momentuz 65 herritar daude sistema telematikoan izena emanda eta herritarrak izena ematera animatu nahi ditugu, politikagintzan herritarrak ahalduntzea ezinbestekoa dela uste dugulako.

Horrela, zuzenean zein internet bidez egin diren hautaketa prozesuetan alkategai bat baino gehiago baleude, bozketa prozesua antolatu eta otsailaren 22 eta 24 artean bozketa egingo litzateke.

Amaitzeko, Zestoako ehbildu hauteskunde erronkari aurre egin eta datozen lau urteetarako Zestoa biziberritzeko herritarrekin batera lan egiteko prest dagoela adierazi nahi dugu eta datozen asteetan gai ezberdinak jorratzeko helburuz deituko ditugun hitzorduetan herritarrak parte hartzera animatzen zaituztegu.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide