Antxieta arkeologia taldeko kideak, teknologia berriak erabiliz lehendik ezagutzen dituzten kobak berriro miatzen ari dira azken urteotan. Koba horietako bat da Amabiturrieta. 1996 eta 1997 bitartean egin zituzten Antxietako lagunek Irikaitz eta Amabiturrietako azterketak. 2015ean berriro itzuli ziren eta orduan Zestoako espeleologi taldeko kideen laguntza izan zuten. Baina denok gogoratuko dugun istripua izan zuen kide hauetako batek eta Amabiturrietako azterketen jarraipena geldituta egon da oraintsu arte.
Urte batzuk pasata, itzuli dira berriro Antxietako kideak. Koba horretako miaketa lanak egiteko Zestoako “lokatz guztiak” astindu dituztela azaldu dute. Uztarria, Azpeitiko komunikabideari adierazi diotenez, beraien asmoa 2021. urterako barruko ikerketaren jarraipena berrikustea da, dokumentazioa eta materialak prestatuta, Gipuzkoako Katalogo Arkeologikoan katalogatzeko asmoarekin. ” Eta ikerketa berrien fruituak positiboak badira, ondarearen babesa eskatuko diogu Eusko Jaurlaritzari Amabiturrietarentzat” azaldu dute.
Argazkiak: Antxieta