[ARGAZKIAK] Aratz Etxeberria Zigaranek asteburuan Guara inguruan egindako arroila jaitsieraren kronika idatzi du

Aurtengoan ere joan gara Guara ingurura, Rodellar herrira hain zuzen, arroila jaitsiera egitera. 14 laguneko talde polita, neska eta mutil, gazte eta ez hain gazte, denok batera.

Larunbata, hilak 8, Oscuros de Balced izeneko arroilara joan ginen, azken alditan bezala, Paco Burgos gidariaren eskutik. Bertan bazen salto, rapel, sifoi eta estugunerik, baita ura ugari ere, aktibitateari goxamen ukitua gehituz. Goiz pasa polita egin genuen, eguraldi ederrarekin. Arratsaldez, bazkari paxara, igerilekuan pixkat erlaxatu eta Kalandraka tabernan, ohitura den bezala, eztarria pixkat busti eta ondoren afaria Valle de Rodellar apartahotelean.

Igandean eguraldi txarraren aurreikuspena zegoenez, hasiera batean genuen planak pixkat aldatu genituen eta Mascun inferior edo Petit Mascun izenez ezagutzen den arroilara joan ginen. Azkenean ez zen euri zantzurik izan eta gozatu ederra hartu genuen bertan aurkitu genituen oztopo eta jauziei esker, 8 metrorainokoak ere bai baten bat. Jarduna bukatuta, bazkari paxara egin eta denok etxera.

Orokorrean sekulako asteburua izan da, aire librean jarduera gozagarri bat praktikatuz, jende jatorra ezagutuz eta esperientziak elkarbanatuz pasa baitugu eta datorren urtean berriz joateko irrikaz bueltatu gara.

Aratz Etxeberria Zigaran




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide