[ARGAZKIAK] Giro paregabean, auzolan desberdina egin zuten atzo Amillubin
— 2025-02-24Atzo ezohiko auzolana edo auzo(p)lana egin zuten Amillubin. Nahiz eta auzolanak egin izan dituzten, atzo ohiko auzolan formatuari “plantxoa” gehitu zioten: etxeko hazitegi tailerra eta hazi trukea.
Giro eguzkitsuarekin, jendetza bildu ziren mota askotako lanei ekiteko. Iraetako Amillubi baserriaren ingurutan jardun ziren lanean eta bide berriak ere ireki zituzten. Besteak beste, komun lehorrak egin ahal izateko txokoa konpontzen hasi ziren, beste hainbat txoko txukuntzearekin batera, sastrakak moztu eta pilatu zituzten, aterpearen itxitura berritu, zuhaixkak eta bestelako landareak kimatu zituzten.
Eguerdi partean, Amillubiko eta Alekako kideekin batera, etxeko hazitegia egiteko tailerra egin zuten eta tomate landareak eraman zituzten etxeetara. Segidan, hazi trukeari ekin zioten eta hazi mota ezberdinak eramateko aukera izan zuten.
Bukatutakoan, mokadua janez, maiatzaren 10ean Amillubin egingo duten Udaberriko Festa aurkezteko unea hartu zuten.
Argazkiak eta bideoa: Amillubi