Albisteak

[ARGAZKIAK] “Sold out” bost egunez Antzerki Astearen hamalaugarren edizioan

Ekainaren 24tik 28ra bitartean egin dute aurtengo Zestoako Antzerki Astea, eta antolatzaileek “oso balorazio positiboa” egin dute amaitu berri den egitarauaren inguruan. Bost egunetan zehar Antzerki Eskolako lau emanaldi amateur eta bi konpainia profesionalen ikuskizunak eskaini dituzte, eta saio guztietan sarrerak agortu dira.

Antolatzaileen hitzetan, “sold out esan dezakegu, bost egunetan agortu egin ditugu sarrerak”. Egun batzuetan, gainera, aurreikusitakoa baino ikusle gehiago hurbildu zirela azaldu dute, eta lehen ilaretan kuxinak jarrita ume batzuei tokia egin behar izan zietela.

Antzerki Eskolako ikasleek protagonismo berezia izan dute astean zehar. Helduen taldeak hiru emanaldi eskaini ditu, eta haur eta gazteen taldeek beste bi. Sei eta hamar urte arteko gaztetxoen emanaldian Kultur Aretoa bete egin zen, eta igandean, 10 eta 14 urte arteko taldeak “Bunkerra” antzeztu zuen, ondoren Marmar Teatro konpainiaren aurretik telonero lanak eginez.

Aurtengo gonbidatu profesionalen artean izan dira Deiabu konpainiaren Itzulera, Donostiako Antzerki Sariaren azken irabazlea, eta Marmar Teatroren Bidaia bat izarretara. Antolatzaileen esanetan, “aurten izan dugun kalitatea gorena izan da”. Azken ikuskizun horrek familia osoari zuzendutako jardunaldiari eman zion amaiera, eta emanaldiaren ondoren aktore eta sortzaileekin solasaldia ere egin zuten.

Asteari amaiera emateko, urtero antolatzen duten mokadutxoarekin batera, berrikuntza bat ere izan dute aurten. Antzerki taldeko familien eskutik, jatorri askotako jakiak dastatzeko aukera eskaini zuten. “Ikusi dugu antzerki taldea herrian dauden kultura ezberdinen arteko topagune bihurtu dela; Italia, Galizia, Aljeria, Maroko eta Saharatik etorritako familiak elkartu dira, eta aniztasun hori agerian utzi nahi izan dugu”, azaldu dute.

Antolatzaileen ustez, urteekin sendotu egin da ekimena. “Hamalau edo hamabost urte hauen ondoren, Antzerki Astea herrian hitzordu garrantzitsu bat bihurtzen ari dela esango nuke”, adierazi dute. Hala ere, gogorarazi dute Zestoak antzokirik ez izateak urtero zailtasun handiak sortzen dituela antolaketan: “Antzerki Astea aurrera ateratzen dugu, baina urtero somatzen ditugu antzokirik ez izateak dakartzan arazo logistikoak, inbertsioak eta gastuak”. Era berean, Eromen elkarteko boluntarioen lana ere bereziki eskertu dute, haien laguntzarik gabe ezinezkoa izango litzatekeela aste osoko egitaraua aurrera ateratzea nabarmenduz.

Kopuruei dagokienez, egunero 100 ikusletik gora bildu dira bost egunetan, eta guztira 500 eta 600 lagun artean igaro dira Antzerki Asteko emanaldietatik.

ARGAZKIAK: Eider Iturriaga eta Zuriñe Maguregi




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide