Albisteak

[ARGAZKIAK] Usaioari eutsiz, santa eskean ibili ziren atzo lasaotarrak

Goizeko 9:30ean abiatu zen eguna, Elarritza errekan gora hasita. Handik Aizarnara igo, Alberdin aldean jaitsi, Mispireta eta Beruan igaro ondoren, Mallubira igo ziren, eta 14:30ean bazkaltzeko geldialdia egin zuten. Arratsaldeko 16:00etan ekin zioten berriz martxari, Azpeiti aldeko baserri eta etxeetan ibili ziren koplak abesten. Lasao auzoan amaitu zuten eguna, gaueko 21:00ak arte.

Giro paregabea izan zuten egun osoan zehar. Guztira, 36 auzotar bildu ziren, familia osoak tartean, hiru bertsolari, Mantxi, Imanol eta Egaña, eta auzoko bi trikitilarirekin batera beste bi trikitilari ere elkartu ziren, guztira 41 laguneko taldea osatuz. Egun osoan zehar 26 baserri eta etxetan geldialdiak egin zituzten: 12 goizean eta 14 arratsaldean. Guztietan harrera bikaina jaso zuten eta borondate izugarria erakutsi zuten bertakoek.

Elkartean, hiru auzotar aritu ziren sukaldari eta zerbitzari lanetan, bazkaria eta afaria prestatzen. Mahaiaren bueltan, afalostean, kantuan amaitu zuten eguna, bertso eta trikitixa artean.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide