Azaroa 2025
— 2025-12-03Irakurri 276. zenbakia hemen.

Antxieta Arkeologia Taldeak antolatutako Arkeologia Astearen barruan, gaur, azaroaren 27an, ostegunez, bigarren hitzaldia izango da 19:00etan Alondero aretoan. Gaurko saioan, “Amabiturrieta, Zestoako altxor ezkutua” izeneko hitzaldia eskainiko da, eta Zestoako ondare arkeologikoarekin lotutako elementu ezezagun baten inguruko azalpenak emango dira.
Bestalde, Arkeologia Astearen egitaraua igandean, azaroaren 30ean, borobilduko da. Egun horretan, Antxieta Arkeologia Taldearen erakusketa izango da herriko plazan, 11:00etatik 15:00etara, eta indusketetan agertutako materialak gertutik ikusteko aukera izango dute herritarrek.
Arkeologia Asteari hasiera eman zion astearteko hitzaldiak, berriz, harrera bikaina izan zuen. Alondero aretoa jendez bete zen, eta herritar ugari gerturatu ziren hiru ikerlariren azalpenak entzutera. Lehen zatian, Asier Gómez Olivencia eta Mónica Villalba de Alvarado doktoreek hartzei buruz jardun zuten, animalia horiek Zestoako inguruan izan duten garrantzia azalduz. Ondoren, Joseba Rios Garaizar doktoreak neandertalen inguruko azalpen interesgarriak eskaini zituen, eta horrez gain, Zestoako AMALDA-III kobazuloan azken urteotan agertzen ari den Baskoniar tekno-kultura bereziari buruzko xehetasunak eman zituen.










