Zestoako EAJ-PNV Kaleokerra, Correos edo Arozenan gazteentzako etxebizitzak berehala eraikitzea eskatu du

Etxebizitza publikoen eskaintza handitzeko eta gazteei sarbidea errazteko premiazko neurriak eskatu ditu talde jeltzaleak, babes-politiken eta hobarien bidez.

Garikoitz Mendizabal: “Zestoako gazteek beren bizi proiektua garatzeko lekua izan behar dute. Ez da onargarria askok alde egin behar izatea, Udala ez baita ari bultzatzen udalerriak behar dituen bizitoki-irtenbideak”.

Etxebizitza eskuratzea da gaur egun Zestoako gazteek duten arazo nagusietako bat. Etxebizitzen eskasia eta alokairuen prezio altuak gazteen emantzipazioa zailtzen ari dira, beren etxea eskuratzeko aukera gero eta urrunago ikusten baitute.

Testuinguru horretan, Garikoitz Mendizabal Zestoako EAJ-PNVko bozeramaileak adierazi duenez, “funtsezkoa iruditzen zaigu etxebizitza eskuratzea errazteko politikak ezartzea, bereziki gazteentzat”. Gainera, azpimarratu du beharrezkoa dela etxebizitza publiko gehiago eraikitzeko izapideak azkartzea eta laguntza eta abal programa gehiago abian jartzea, hala nola Gaztelagun edo Emanzipa.

“Etxebizitzak ez dira bakarrik eraikiko”, adierazi du Mendizabalek. “Zestoak aukera argiak ditu etxebizitza gune berriak sortzeko, baina horretarako ekimena eta borondate politikoa behar dira”.

Ildo horretan, Mendizabalek azpimarratu du udalerriak baduela dagoen eskariari erantzuteko aktiba litekeen lurzorua: “Hainbat lursail aprobetxatu behar ditugu, hala nola Kale Okerra, Correosen orube zaharra edo Arozenako eremua, etxebizitza irisgarriak bultzatzeko eta udalerriaren benetako behar bati erantzuteko. Gune batzuetan eraikinak eraitsi dira, baina gero ez da gehiago egin, arazoari irtenbidea ematen hasi behar da berehala”.

Era berean, EAJ-PNVk Udalari eskatu dio udalerriko beste espazio batzuk eraldatzeko urrats irmoak eman ditzala eta plangintza argi batekin lan egin dezala, gero eta handiagoa den etxebizitza-eskaerari erantzun ahal izateko. “Zestoak gazteek beren bizi proiektua garatzeko lekua izan behar du. Ez da onargarria askok alde egin behar izatea, ez baitira bultzatzen ari udalerriak behar dituen irtenbideak ”, ondorioztatu dute.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide