Albisteak

Arroabeko eskolak, auzolanean Urmaela didaktikoa egin du

Arroabeko Eskola 2020. urtetik martxan den Eskoletako Urmaelen Sarera atxiki da, ostiralean putzu didaktiko bat eraikitzeari ekin zioten  ikasle, irakasle eta auzotarrak. Eremu horri, eskolak erabilera didaktikoa ematea da helburua.

Aranzadi elkarteko herpetologia saileko Jon Garin izan zen ostiraleko lanen gidaritzan. Herpetologia sailean anfibioak eta narrastiak ikertzen dituzte eta Euskal Herriko espezie mehatxatuen jarraipena da Garinen espezialitatea.

Sakulupe parkean kokatua dagoen proiektua, hasiera fasean dago. 5,5 metroko zabalera eta 6,8ko luzera duen urmaela prestatu dute.  Hobia, lona batez estali dute datozen hilabeteetan euri urez bete dadin, eta zorte pixka batekin, aurtengo udaberrian bertan biziko diren espezieetako batzuk ikusi ahal izango direla espero du Aranzadiko kideak.

Prozesu naturala jarraituta, bertan sortuko den ekosistemaren jarraipena egitea da helburua. Putzua lau ikuspuntuetatik aztertzea nahi dute: landaretza, anfibioak, burruntzi eta sorgin-orratzak eta eltxoak. Eltxoen kontua puri-purian dagoela aipatzen digu Garinek, putzuak eta eltxoak zuzenean erlazionatzen baitira, baina Aranzadi zientzia elkarteak defendatu eta demostratu nahi du, ongi zaindutako urmaela batean eltxoen kopurua ez dela horren handia, izan ere, euren etsai nagusiak aipatutako anfibioak, burruntzi eta sorgin-orratzen elikagaia baitira.

Proiektu honetan parte hartzerakoan, Arroabeko eskolak Aranzadik eskatutako hainbat konpromiso hartu ditu, besteak beste, putzuaren mantentzea egitearena. Helburu horretarako gidalerro batzuk zehaztu dituzte. Alde pedagogikoari dagokionean, protokolo batzuetan oinarritzen den “Urmaelaren bioaniztasuna ezagutzen” erronka dago. Proiektuaren hurrengo faseetan, ikasle eta irakasleek formakuntzak jasoko dituzte eta urtean zehar putzuak zein bilakaera duen aztertuko dute.

Informazio panel bat jartzea aurreikusten dutela aipatu digu Jon Garinek. Bertan, putzuan zein bizidun ikus ditzakegun azalduko da, txikia izanagatik, oso ekosistema ahula dela eta kanpoko espezieak sartzeak min handia eragin dezakela azpimarratuko da.

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide