Albisteak

Artisau eta bigarren eskuko azoka antolatu du Gazte Asanbladak iganderako

Apirilarekin batera, urteroko legez, heldu da Gazte Asanbladaren urteurrena, eta aurten 36 urte betetzen ditu. Ospakizuna dela eta, hurrengo asteetan zehar hainbat jarduera antolatu dituzte gazteek, bai Gaztetxean, bai herriko beste hainbat lekutan.

Lehenengo hitzordua apirilaren 6an izango da, eta hortik aurrera, astez aste egingo dira ekintzak. Igandean, apirilaren 6an bertan, artisauen azoka izango da Laranjadi plazan, goizeko 10:00etatik 15:00etara. Guztira 22 artisauk parte hartuko dute, eta euren artean izango dira: Kohpao studio, Nuk natura, Begirada Berriak, Ametsen Txokoa, Harrihari, Lamua, Sara Sendabelarrak, Lok.atz Zeramika, Amalda Biobotanika, Aldaxka, Bihurri Brand, Brewery Land, Bel-argi, Mimogoxo, Bile, Aiia, Aleizz, Gura Brand, Kako Pitxiak, Lanaland, Nudame eta Miara Design.

Azokako postuez gain, Gaztetxeko kideek bigarren eskuko materialaren postua ere jarriko dute. Norbaitek ekarpenik egin nahi badu, igande goizean, 10:00ak baino lehen, plazara bertaratu daiteke materiala eramatera.

Azokarekin emango zaio hasiera egitarauari, baina ospakizunak jarraipena izango du. Apirilaren 12an ospatuko da urteurren eguna, eta nahiz eta oraindik egitarau osoa ez dagoen zehaztuta, jakinarazi dute bertsio gaua izango dela Gaztetxean.

Apirilaren 15ean, 19:00etan, Santakutzetako batzar irekia egingo da Gaztetxean, eta auzolanak ere antolatu dituzte danborradarako: apirilaren 17an, 22an eta 24an.

Bukatzeko, apirilaren 24an, osteguna, ping pong txapelketa eta pintxo poteoa egingo dira Gaztetxean.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide