Albisteak

Asteazkenean izango da Arroako bidegorriaren martxa antolatzeko bilera

Urriaren 19an Arroako Bidegorriaren Aldeko Taldeak beste hainbat eragilerekin batera antolatuta, bidegorriaren aldeko martxa aldarrikatzailea egingo da. Martxak bi zutabe izango ditu, bata Zestoako plazatik irtengo da eta bestea Zumaiako Beheko plazatik, biak Arroako autopista aurreko biribilgunean elkartuko dira. Bertan, ekitaldia egingo dute eta ondoren Arroabean hamaiketakoa eta festatxoa izango da musikaz girotua.

Zestoatik irtengo den zutabearen martxa antolatzeko, hilak 2 asteazkena, arratsaldeko 19:00etan Kultur Etxean egingo den bilerara deitu dute.

Arroako Bidegorriaren Aldeko Taldeko kideek uste dute aurrerapausoak ematen ari direla bidegorriaren auzian, “Arroagora doan bidearen proiektua martxa onean doa, baina hau gauzatzeko 2020ko aurrekontuan Aldundiak diru partida bat bideratu beharko du, diru partida hau orain udazkenean zehazten denez, martxa honekin bultzada bat eman nahi diogu erabaki horri herritarrok bidegorriaren beharra dugula aldarrikatuz”.

Azken aurrerapausoak

Pasa den uztailean udal talde berria Gipuzkoako mugikortasun saileko kideekin bildu zen bide berdearen egoeraren inguruan hitz egiteko. Mugikortasun sailekoek proiektu bat lantzen ari zirela esan zieten eta proiektu hori lantzen ari zen arkitekto taldearekin ere bildu ziren. Irakurri bilera hartan esandakoak hemen.



Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide