Paperekoa

[ATARIKOA] Nolako herria eta auzoak nahi ditugu?

Garai bateko Aizarnara eraman gaitu Begoña Eizagirrek. 1950ean 8 urte zituen. Orduko Aizarnak eta gaur egungoak ez daukate zerikusirik. Hurrengo belaunaldikook adin buelta horretakoei esker irudikatu dezakegu garai hartako bizimodua. Umeak, neska zein mutil, pilotan, asakaponetan, ibiltzen ziren… telefono mugikorra zer zen arrastorik jakin gabe. Orain baino hamarnaka ume gehiago izango ziren Aizarnako eskolan; hor bai, neskak eta mutilak bereizita. Kotxerik gabeko auzoa deskribatu du Begoñak, toki guztietara oinez heltzen ziren garaia. Ez dut uste haurtzaro eta gaztaro idiliko bat azaldu nahi izango zigunik, baina garapenaren (“adelantoak”) alde txarrak kontatzeko erreparorik ez du izan. Konpitterora ezkonduta, auzo batek topo egiten zuen denda eta taberna ezagutu zituen. Elkargunea zen; berriketarako, barre egiteko, elkar laguntzeko… Eguneroko behar praktikoak asetzeko ere balio zuen, jakina: janaria, oinetakoak, kandelak, bertan egindako txokolatea… Aizarnatik ateratzeko beharrik gabe.

HAPOari buruzko erreportajea dator Danbolin honetan. Ez dut irakurri HAPOa (Hiri Antolamendurako Plan Orokorra ) eta ez dakit nolako herria eta auzoak marraztu dituen. Nagia eman dezake halako plan bat irakurtzen hasteak, baina horren arabera erabakitzen da non jaso eraikinak, bizitokiak egin ala industrialdea eraiki, espazio berdeei garrantzia eman ala kotxeentzako bideak egin. Horrek denak herri bat antolatzen du, eta bide batez, neurri handi batean, herritarron bizimodua bideratzen du. Orain herritarrok iritzia emateko garaia da. Begoñari egindako elkarrizketak galdera batzuk egiteko bidea ematen du: Non esango dizkiogu elkarri kontuak? Non elkartuko gara? Zeri emango diogu lehentasuna, kotxeari ala oinezkoari? Herrian, auzoan, egin nahi dugu bizitza?

Begoñak esku-pilotan jokatzen zuen umetan. Zestoan badira pilotan jokatu nahi, baina orain arte animatu ez diren arabiar jatorriko neskak. Naroa Agirre Arroagoiko pilotari profesionala haiengana hurbildu da eta haiek pilotalekura hurbiltzeko proiektua jarri du abian.

Onintza Irureta Azkune




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide