Albisteak

Aurrekontu parte-hartzaileen prozesuaren baitan sei proiektuk egingo dute aurrera

Atzo, maiatzak 7 asteartea, egin zen aurrekontu parte-hartzaileen azkeneko bilera. Bertan jakinarazi ziren Udalak aurrera eramango dituen proiektuak zein izango diren, bozketa fasearen emaitzak ikusi eta  aurrekontua osatzeko irizpideak aplikatu ondoren.

60.000 euroko aurrekontuan sartzen diren proiektuak honako hauek dira:

1- Iraetako frontoia itxi (13.487,62 €)
2- Uztapide Plazako haur parkearen eraberritzearen bigarren fasea garatu, haurrek jolasteko elementu gehiago ipinita (13.918,17 €)
3- Arroa Beheko pilotalekuari atea ipini, neguko hotzetik babesteko (12.227,98€)
4- Aizarnako frontoia ixteko lanei jarraipena eman (8.018,98€)
5- Herri bideak garbitu (5.263,50€)
6- Iraetako Kultur Etxera igotzeko atea ipini eta altzariak erosi (6.134,10€)

 

Guztira 231 herritarrek eman dute euren bozka eta auzoetako parte hartzea handia izan dela adierazi dute emaitzek.

Proportzioan gehien mobilizatu diren auzoak Iraeta, Aizarna eta Arroabea izan dira. Iraetako 188 biztanleren %11,7ak bozkatu du, Aizarnan 352tik %8,24ak eta Arroabean 624tik %8,17ak . Herrigunean ordea, 2.270 biztanletik, %5,15ak bozkatu du. Arroaerreka, Arroagoia, Ibañarrieta eta Lasaoko parte hartzea txikiagoa izan da eta Endoian ez du inork ez proiekturik aurkeztu, ezta bozkatu. Prozesuan parte-hartu dutenen balorazioa ona izan da orokorrean, baina Zestoak dituen 3.814 biztanletik %10 baino gutxiago izan da bozka ematera animatu dena.

Atzoko aurkezpenean, Udal ordezkariek bere aldetik proposamenak aurkeztu eta bereziki bileretara gerturatu diren pertsonei eskerrak eman nahi izan zizkieten. Horretaz gain, herritarrek egindako ekarpenak oso baliotsutzat jo zituzten eta prozesuak herritarren behar eta nahiak, hobeto identifikatzeko balio izan dutela aipatu zuten.  Gainera, aurrekontu parte-hartzaileetatik kanpo geratutako proposamenak kontuan izango dituztela errepikatu zuten.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide