Paperekoa

Badago beste modu bat, badago beste bide bat

Egoera baten aurrean guztiok ez dugu berdin jokatzen, arazo berberari guztiok ez diogu berdin erantzuten. Errefuxiatuen aferan ere gauza bera gertatzen da. Europako agintariek sinetsarazi nahi digute arazo honi erantzuteko bide bakarra dela mugak indartzea eta lehendik ere nahikoa sufritu duten pertsonak kanpaleku isolatuetan pilatzea. Baina, han eta hemen, herritar konprometituen eskutik sortutako egitasmoek alternatibak egon badaudela erakusten dute. Aurtengo udan Arroa Beheko lau neskak alternatiba hauetako bat gertutik ezagutu eta bizitzeko aukera izan genuen Atenasen, eta esperientzia hau laburki kontatzera gatoz Danbolinera.

City Plaza Atenasko erdigunetik hurbil dagoen hotel bat da. 2009an hondoa jo zuenetik hutsik egon da, baina iazko apirilean, errefuxiatu batzuek, ezkerreko hainbat ekintzaile talderekin batera, eraikina okupatu eta proiektu politiko integral bat aurrera eraman ahal izateko tresna bilakatu zuten. Egun, ia 400 lagunen bizilekua da: Siria, Afganistan, Iran edota Irak bezalako herrialdeetatik ihesi datoz gehienak, eta beste asko proiektuan parte hartzera etorri dira, elkartasunez.

Proiektu autogestionatu honen helburua ez da, ordea, iheslariei aterpea eta elikagaiak eskaintzera mugatzen. Hotelean bizi diren guztiek parte hartzen dute haren funtzionamenduan: bileretan, sukaldeko txandetan… errefuxiatuek eta solidarioek elkarrekin egiten dute dena. Haien autonomia eta burujabetza sustatu nahi ditu proiektuak, eta gerora baliagarri izango zaizkien hainbat tresna eskuratzen laguntzen die, adibidez hizkuntza eskolen eta aholkularitza legalaren bidez, emakumeak ahaldunduz, haurrak auzoko eskolan integratuz… Horrekin batera, proiektuaren izaera politikoari ere berebiziko garrantzia ematen zaio. Hala, errefuxiatuen kolektiboak bizi duen egoera gordina salatzeko eta afera honen benetako errudunak zeintzuk diren argi adierazteko hainbat ekimen publiko burutzen dituzte.

Era berean, Greziako gobernuaren kudeaketa kaskarrari erantzuteko modu bat da City Plaza. Irletan muntatu dituzten kanpamenduetan bizi-egoera penagarriak dituzte errefuxiatuek. Oinarrizko beharrak asetzeko ere ez dira gai. Okerrena, ordea, isolamendua da: errefuxiatuek apenas duten kontakturik inguruarekin, integratzeko aukerarik. City Plazak pertsona horiek hirira ekarri nahi ditu, bizimodu duina izan dezaten.

Jakina denez, honelako mugimenduek agintariak deseroso sentiarazten dituzte. Izan ere, haien politika ankerrak eta hipokresia agerian uzteaz gain, egoerari beste nolabait erantzutea posible dela frogatzen dute. Hala, hotela modu ilegalean okupatu zenaren aitzakiarekin, eraikina husteko agindua eman zuen aurtengo maiatzean Atenasko fiskaltzak.

Gainera, aipatu nahi genuke hotelak eraso faxistak jasateko duen arriskua. Izan ere, Europako beste herrialde askotan bezala, Grezian ere eskuin muturrak eta haren mezu arrazistek gorakada handia izan dute. Dena den, City Plazako mugimenduak horri guztiari aurre egiteko gai dela erakutsi du. Bide horretan, esfortzu berezia jartzen da auzoarekin eta bertako bizilagunekin harreman positiboak eraikitzen. Hala, egindako lanketa pedagogikoari esker eta errealitatearen benetako irudia erakutsita, hasieran mesfidati agertzen ziren auzokide askoren babesa eta elkarlana lortu dituzte.

Atenasen igaro genituen asteetan ezagututako errefuxiatu bakoitzak bere istorio propioa du, baina denek helburu berbera dute: herrialde seguru batera iristea. Bide legaletik egitea ia ezinezkoa dela ikusita, gehienek mafien esku jartzen dute euren bizia, horrek dakartzan arrisku guztiekin. Gu City Plazan geundela lagun batzuek muga gurutzatzea lortu zuten. Beste askok, saiatu eta saiatu arren, hotelera itzuli behar izaten dute, etsipenez jota eta azken sosak mafien esku utzi dituztela aitortuz.

Egoera oso larria da, eta ez dirudi hobera egingo duenik. “Errefuxiatuen krisia” albistegietako lehen minutuak betetzen zituen gaia izatetik pixkanaka normal bihurtzen, ahanzturan gelditzen ari da. Gero eta gehiago dira, ordea, beraien herrialdetik ihes egitera behartuta dauden pertsonak, eta gero eta larriagoak dira haien egoerak.

Argi dago familia guzti hauek ez direla kapritxoz etorri Europara. Errealitate lazgarrietatik ihesi datoz, eta egoera hori hein handi batean beraien herrialdeetan hartu nahi ez dituzten agintari berberek eragina izan da. Agintariak aipatuta, askori Trump, Merkel edo Rajoy bezalako izenak etorriko zaizkio burura, baina astero Bilboko portutik gerrarako baino balio ez duten armaz kargatutako ontziak ateratzen dira, eta hori galarazteak gure agintarien lana behar luke.

Greziatik Euskal Herrirako itzulera han bizitakoengatik ukituta eta hunkituta egin dugu, baina lanerako gogoa ekarri dugu batez ere. Grezian asko dago egiteko, baina gure herrietan ere badaukagu zeri heldua. Horretarako, City Plazak erakutsitako bidea oso baliagarria izan daiteke.

Alde batetik, laguntza humanitarioarekin jarraitzea beharrezkoa da. Eguneroko beharrei erantzun beharra dago, eta orain arte egin diren kanpainekin (janari bilketak, diru bilketak…) jarraitzea ezinbestekoa da horretarako. Esaterako, azpimarratzekoa da Zaporeak eta halako taldeek egiten duten lana.

Dena den, ezin dugu ahaztu errefuxiatuen afera arazo politiko bat dela, eta ondorioz, konponbide politiko bat behar duela. Gure agintariei exijitu behar diegu behingoz armekin negozioak egiteari utz diezaioten, haien kanpo politika ankerrak alda ditzaten, mugak ireki ditzaten edota iheslariei harrera duin bat eman diezaieten exijitu behar diegu, salaketa publikoak eginez.

Gure herri inguruetan aspaldian sortu ziren errefuxiatuen harrerarako taldeak eta asko izan dira iheslariak euren etxeetan hartzeko prest agertu diren bizilagunak ere. Baina Europaren muga-politika gogorren erruz, oso gutxi izan dira gurera iristeko aukera izan dutenak. Dena den, Arroan eta Zestoan ere baditugu iheslariak. Marokotik, Saharatik, Senegaldik, Pakistandik, Ekuadorretik… etorri zitzaizkigun eta etortzen zaizkigun bizilagunak ere errefuxiatuak dira, beraien herrialdeetan pairatzen dituzten egoeretatik ihesi datozen errefuxiatu ekonomikoak.

Egoera honetan ere, jokatzeko modu ezberdinak har ditzakegu. Gure artean gero eta hedatuagoak dauden mezu arrazistak sinetsi, eta lana kentzera eta diru laguntzez aprobetxatzera baino ez datozela esanez bazterrean utz genitzake. Edo haien lekuan jartzen ahalegindu gaitezke, familientzat bizimodu hobe baten bila etorri direla sinetsi eta ahalik eta ongietorri beroena ematen saia gaitezke.

Beti dago beste bide bat, beste egiteko modu bat. Norberak hautatu behar du berea.

Ainara Ossa, Lorea Ilundain, Maia Ossa eta Irati Manzisidor




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide