Albisteak

Bide berdearen inguruko alkatetza oharra

Bide berdea eraikitzeko lanen inguruko berri emanez, alkatetza oharra bidali digu Mikel Arregi alkateak
Narrondo eta Arroabea arteko bide berdea

Pasa den ekainean, Gipuzkoako Foru Aldundiko mugikortasun sailak, 2020an bide berdea eraikitzen hasteko lanak atzeratu egin beharko zirela jakinarazi zion Zestoako Udalari. Arrazoien artean, COVID 19ak sortutako eragozpen ekonomikoak eta ETSk (Eusko Trenbide Sarea) eman beharreko baimena atzeratu izana zeuden.

Geroztik, Zestoako Udala mugikortasun sailarekin harremanetan egon da, besteak beste, udalak sailarekin hitzartu zuen Arroabeko lotura eraikitzen ari da eta kostua ere Zestoako udalak finantzatuko duenez, udalak aldundiari behin eta berriz adierazi izan dio bide berdea amaitzeko lanak berehala hastearen beharra, bide berderik gabe udala eraikitzen ari den loturak zentzurik ez lukeelako.

Gauzak horrela, Zestoako alkateak GFAko mugikortasun saileko Rafaela Romero diputatu andereak sinatutako agiri ofiziala jaso berri du, non batetik, falta ziren baimenak eskuratuta eta bestetik aurreikusitako aurrekontua 2021era bideratuta, Narrondo eta Arroabearen arteko bide berdea egiten datorren urtean hasiko dela adierazten den.

Era berean, Iraetako bi tuneletako ikuskaritza teknikoak ere egiten ari direnez, aipatutako zatiko obrak amaitu orduko Iraetara bitartekoari helduko zaio.

Ondorioz, bizi dugun egoerak esku artean ditugun proiektuetan izan dezakeen eragin kaltegarriaz kezkaturik egonda ere, Zestoako Udalak bere poza adierazi nahi du.

Zestoan 2020ko abenduaren 5ean

Mikel Arregi Urrutia

Zestoako Alkatea




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide