Burdina berotan jo behar da

Arroa Behean ematen du kexatzeko eta exijitzeko bakarrik mugitzen garela, eta mugitu mugitzen gara, arrazoiak soberan ditugulako: oraintxe herrigunearen bi aldeetatik burdina ekartzen digu haizeak, adibidez. Burdin-oxido partikulak kotxeen gainean, lurrean, airean, gure biriketan, baratzetan… Anemia duzula? Tori Arroako poligonoko barazkiak!

Oraingoan, ordea, bestelako burdin bat dugu sutan. Behingoagatik, ez da zerbaiten kontra egiteko; Arroari bizia emateko proiektu sortzaile bat da, hutsik gelditu diren lokalen erabilera eta kudeaketa oinarrian duena. Eta ez da hor gelditzen, “herritik, herriarentzat” leloa zentzu gehiagotara zabaltzea du helburu. Nahiko sinplea da berez, herritarrok elkarrekin erabaki nahi dugu bertako espazioak nola erabili, zer ekintza antolatu, nola kudeatu, eta, hala, arroarrok elkarrengandik hurbilago eta bateratuago egotea lortu nahi dugu. Batek daki zer atera daitekeen, denda kooperatibo bat? Zaintza kolektibizatzeko modu bat? Lagun berriak?

Sinplea izanik ere ideia bera, ez da erraza horrelako proiektu batek funtzionatzea. Hemen eta gaur (ez betidanik ez leku guztietan) gure bizitza nolakoa izango den besteek erabakitzen dute, politika egiten dutenek, enpresari handiek, hor goian dauden horiek. Eta noizean behin papertxo bat kutxa batean sartzen dugu gure gustuko norbaitek gure partez erabakiak har ditzan, baina zenbat eta gorago joan politikaren piramidean, txikiagoa da gure eragina eta erabakitzeko ahalmena. Erabakita dago zer produktu kontsumituko ditugun, nola mugituko garen, nolako hezkuntza jasoko dugun, nolako lanpostuak izango ditugun, nolako harremanak sortuko ditugun, eta abar. “Aukera” badugu, baina izugarri murritza da. Hain ohituta gaude gauzen egoerara, ezin baitugu imajinatu ere egin bestelako bizimodu bat, abstraktuegia iruditzen zaigu; gainera, esfortzua eskatzen du, eta ez dugu ulertzen nola funtzionatzen duen politikak, eta ez daukagu denborarik gauza horietarako, eta… Nola edukiko dugu, ba, denbora, soldatapeko eta bestelako lan ezinbestekoek egun osoa kentzen badigute!

Ez naiz luzatuko kapitalismoa eta zortzi orduko laneguna kritikatzen (portzierto, bada garaia lan eredu hori eraldatzeko, etxekoandre propioak zituzten gizonen garaikoa baita), baina ez al zaizue iruditzen askoz bizitza hobea antola genezakeela, beste norbaitentzako hainbeste lan egin ordez, gure ingurukoekin saretzen, trukatzen, konpartitzen inbertituko bagenu denbora eta indarra? Izan ere, politika ez da bakarrik goiko horien eta alderdien kontua, politika gure eguneroko bizitza da. Zurea, nirea, alboko amonarena eta hura zaintzen duen langilearena, antsietatea dutenena, baserritarrena, bollerena eta taberna zuloan eguna pasatzen dutenena. Arroa Behean gutxi gara eta goikoek ez digute kasu gehiegi egin azken urteotan, beraz, gauzak behetik gora egiten eskarmentua dugu.

Burdina bero dago oraindik, hasiko gara elkarrekin forjatzen?




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide