Cestona, le Vichy espagnol!

Behin baino gehiagotan azaldu ditugu hemen Zestoa bisitatu izan duten jende ezagunen kontakizunak: Azorin, Baroja, Unamuno, Barrensoro… Gaurkoan, Jean Etxepare (1877-1935) mugaz bestaldeko mediku eta idazle euskalduna ekarriko dugu lerro hauetara. Egun batean Loiolaraino egindako bidaia baten berri ematen digu Etxeparek, 1931n argitara eman zen Berebilez kronika-liburuan. Eta bueltakoan gure herritik pasa behar zutenez, lerro batzuk eskaintzen dizkio Zestoari. Lehena ez bada, lehen aldietakoa izango zen autoz eginiko bidaia aipagai hartzen zuela gure literaturak.

1927a da, agorrileko (abuztua) edozein goiz da. Kanbon, zazpi lagun elkartu dira –hiru gizon eta lau andre– bi autotan. Eguzki ederra da eta bidea luzea zazpiek buruan dutena egiteko, Loiola ezagutu. Donibane Garazirantz hartu dute. Bidarrai, Ortzaize, Uharte, Lasa, Arnegi… Zortziak eta erdietarako, Luzaideko mugan dira. Handik, Ibañeta, Orreaga, Agoitz, Iruñea… Nafarroako hiriburuan bazkaldu dute. Bazkalondoren, Irurtzundik barrena, Tolosara, eta handik, Bidania gaina hartu eta Errezilera. Arratsaldean iritsi dira Loiolara.

Loiolako egonaldiaren ondoren, etxerako bidea hartu dute berriro eta laster dira Zestoan. Berarekin uzten zaituztet [bere lerroak gure euskarara egokitzeko libertatea hartu dudala, esan behar dizuet ezer baino lehen]:

Ertzetik, bere luzetasun guztian gure autoak bezala ibai batek korritzen du, ura lodi eta sakon. Urola du bere izena. Han-hemenka, laborari etxe bakar batzuk, baratze on batzuekin alboan. Belardiak berde agertzen zaizkigu. Artasoroak berde, belar ala landare guztiak hezean direlako larre. Zelaiaren bi aldeen artean, guztiz eskuinetik, mendi-paretak larre, eta toki batzuetan herriraino larrutuak.

Zenbait minutu barru, errege-bidearen ezkerretatik etxe-lerro bat, luzatuz doana aurrerantz luze samar. Ez dugu galdetu beharrik non gauden, kartel zozo batzuek erakusten baitute. Cestonako hiriñoan zehar goaz, alde denetara begira, are gehiago begiak erneago, zeren-eta frantsesek toki hau bromaz hartu ohi baitute, esaten diotelarik: Cestona, le Vichy espagnol!

Ene lagunak eta ni ez gaude gutxienez bromarako, harrituak baikaude hamabost urte hauetan hiriño honek, handitzera ez bada, edertzera egin duen jauziaz. Bidetik barruraxeago, itzalpe batzuen atzean, ikusten ditugu bai hotelak bai ur sendagarriak hartzeko aterpeak beren pareta txuriekin, leihoak berriki gorriz margotuak, lorez apaindutako ontzi batzuk, beheko aldetik zintzilik.

Badakigu, bestalde, zer ondorio ona duten hemengo urek. Medikurik jakintsuenak alde dituzte. Ezagunak dira bazter guztietan. Eta beste zenbat iturri klase ez daude bazterretan Gipuzkoako, Nafarroako, Bizkaiko, Arabako lurretan, elkarren lagunak iturri horiek denak, osasunarentzat ezin hobeak, ezin hobeak gaitzen sendagarritzat.

Cestonako lurraldea bera da itxia, Vichy bezalako hiri bildu bat egiteko. Aitortzeko ere badute gipuzkoarrek, ez dutela orain artean burua hainbeste berotu hemen, hargintzako edo zurgintzako edergarrietan. Murritzak dira, gutxi landuak, berdinegiak, hotz eta motzak beren loreengatik, Cestonako hotelak Vichykoen aldean. Eskas ditu, bestalde, toki honek Vichyko itzalpe lasaiak, sartu eta irteteko burdin bideak eta, jakina, jolas ala jolaslekuak.

Nahiko kritiko aritu zitzaigun gure Etxepare medikua eta arrunt samarra iruditu zitzaion Zestoa. Hobe zorrotza izatea, alferrikako zurikeriatan ibiltzea baino. Nolanahi ere, pozgarria da gure herria euskal idazle hain interesgarri eta izpiritu irekiko baten lumak aipatzea eta betirako liburuan jasoa geratzea.

 

PD: Imanol Alberdi Odriozolari zor diot, duela 30en bat urte inguru, liburu honen berri eman izana, eta goraintziak bidaltzen dizkiot hemendik.

Bestalde, liburua jatorrizko hizketa moduan irakurri nahi duenak hemen du lotura




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide