Danborrada, ‘maite zaituztet oraindik’

Aurreko “Aztarka” zela-eta, zenbait jende deseroso sentitu da danborradari ematen omen dizkiodan eztenkadak direla tarteko. Xalbadorrekin konparatzea harrokeria handia ez balitz, hark 1967ko txapelketa hartan entzuleei botatakoa esango nieke: “Txistuak jo dituzute bainan / maite zaituztet orainik”.

Ez dut ukatuko hitzak (desmadrea, deformea, zatarra…) polemika eragiteko aukeratu nituela baina horrekin norbaitek danborradarekiko mespretxua ulertu badu, nire ideiak ondo adierazi ez nituen seinale, eta horregatik gaia berriro ateratzea pentsatu dut.

Puntu garrantzitsuena. Danborradak urte frankoko historia du (1930ean hasi zen) eta guztiz miresgarria iruditzen zait, urtero-urtero, jendea animatzea hor parte hartzera. Nola ez ba txalotu eta miretsi, bihotz bihotzez, ehunka herritarrek danborradan parte hartuz herriari egiten dioten ekarpena! Beraz, ezertan hasi aurretik garbi gera dadila: bejondeiela!

Baina hori horrela esan eta konforme geratuko banintz, zer litzateke nire “aztarka” hau’? Parrafada politikoki zuzen bat, zer guay-ak garen aldarrikatzeko? Hori horrela esan eta kito eginez gero, zer hausnarketa klase sustatzen dugu? Nire helburua hausnarketa bultzatzea denez, zilegi iruditzen zait batzuetan probokazio elementu batzuk zabaltzea testuan, jendeak amuari hel diezaion eta iritzia eman dezan. Hiru lagunek publikoki iritzia ematea erabaki dute eta izugarri eskertzen diet. Bene-benetan eta bihotzez.

Danborrada eta historia pixka bat. Danborrada zertarako sortu zen? Jakina denez, Anastasio Alkorta izan zen sortzaile nagusia eta berari elkarrizketa egiteko aukera izan nuen 1996an. Haren hitzak dira hauek; pixka bat luzea da pasartea baina oso ideia garbia ematen du orduko danborradaz:

Hemen inguruetan ez zegoen-eta danborradarik inon ere. Orduan soziedaderik-eta ez zegoen. Gu Donostiara-eta joaten ginen danborrada guztietara eta pentsatu genuen: ‘hemen ere atera behar diagu ba, nolabait juntatuko gaituk’. (…) Bandari-eta ez zion kasu asko egiten jendeak; batez ere erreparatzen zieten karrozei, danborrariei, zaldiei. Errezili ere bai, bere gurdiarekin (gurdiaren kargua beti Errezildarrek izan dute, guk ez dugu ezagutu besterik).

(…) Jantziak eta hori dena guk Donostiatik ekartzen genuen, Casa Angelitatik. Hark ikaragarrizko jantzi piloa zeukan; orduan hura bakarrik zen, denbora haietan: la Casa Angelita. Gu joaten ginen hara, batekin edo bestearekin; askotan Txanberlainekin edo Agustin Goyarekin joaten ginen –automobilak zeuzkaten haiek– eta nik esaten nien: ‘Donostiara joan behar diagu; debaldeko kontua, zer edo zer emango dizuet, gasolinatarako edo, aterako dit nonbaitetik-eta’.

Urte askotan, udaletxean bertan janzten ginen; dena han edukitzen genuen, dena banku haietan, denak izendatuta: fulano, fulano, fulano, fulano... Eta han berriketarik gabe! Arduradunok esaten genuen: ‘Alto! Hi horra, hi hara, hi hara eta hi hara’; eta bakoitzak hartzen zuen bere arropa eta han janzten ziren. Gero, entregatu ere han bertan egiten ziren. Gutxi gorabehera hogei bat lagun edo aterako ginen hasierako danborrada haietan”.

Horiek entzunda, ez nuke esango inauteri helburua zuenik hark; ondo pasa bai, pasako zuten, baina ekitaldi sosegatua eta “formala” izango zela pentsatzen dut, betiere testuingurua kontuan hartuta (ez da ahaztu behar, orain bezala afaria izaten zutela aurretik). Karrozak nahiko formalak ziren; lehendabizikoa, Gurutzea, eta hurrengoa bainuetxeko botila: “Era una botella muy grande, que llevaba el nombre de nuestro universal balneario. Y en la carroza una reina –Joxepa Labe– y unas damas. Las más hermosas ramas del jardín cestonés” (Maixua). Gainera, beste kontu bat zegoen: Elizaren eta agintarien begirada zorrotza beti gainean. Orduko egitarauak dioen moduan, “hasta que la autoridad diga ‘no va más’ y dando con esto fin a la fiesta”). Bestalde, Anastasiok berak esaten du udaletxea erabiltzen zutela jantzi-eranzteko; horrek formaltasuna adierazten du. Eta, azkenik, Anastasioren beste esaldi batek jartzen ditu gauzak bere lekuan: “Eta han berriketarik gabe! Arduradunok esaten genuen: ‘Alto! Hi horra, hi hara, hi hara eta hi hara’”. Anastasioren elkarrizketan ikusten den beste gauza bat da, beraiek ondo pasatzeko baina batez ere ikusleei gustatzeko antolatzen zutela danborrada hura. Nolanahi ere, oraindik biziko da gerra ondorengo danborrada haietan parte hartzen zuenik eta nik baino hobeto hitz egingo lukete kontu horiei buruz.

Tradizioa eta aldaketa. Nolanahi ere, tradizioa ez da gauza fosildu bat, eta etengabe aldatzen eta interpretatzen joaten da. Eta hala segi behar du. Ondorioz, nik ez dut inoiz esango sorrera garaiko danborrada klase hura bakarrik dela balekoa. Ez horixe. Danborrada, klase askotakoa izan daiteke eta historiak esaten digu gurea ere aldatzen joan dela. Lauiturri sartu zenean (1974) edota Ertxinpe (1977) eta Ipintza (1978) ez zen hasierako izpiritu hartatik gehiegi aldatuko; bai, orduan hasi ziren emakumeek parte hartzen eta hori guztia, baina danborradaren itxura estetikoa ez zela ikaragarri aldatuko pentsatzen dut (oso umil esan nahi dut hori guztia, nik neuk ez nuen ezagutu-eta; garai hartan ibilitakoei galdetzea onena). 80ko hamarkadan Gazteen Asanblada edota Gaztetxea hasi ziren danborradan parte hartzen eta hurrengo hamarkadan Atabalak (1990). Haien ondoren, Aldrebesak (2003), Trapuzarrak (2009) eta Zitxontarrak (2014). Esango nuke 90eko hamarkada inguruan hasi zirela, pixka bat, aldaketak, gaur egun arte iraun dutenak. Ondorengo hauek susmoak besterik ez dira, balio zientifikorik gabekoak:

a) Elkarte gastronomikoetatik parte hartzen duen jendea gutxitzen doa eta beste taldeak (gazteagoak) ugaltzen.

b) Oro har, itxura ez da lehen bezain formala (talde batzuei gehiago kostatzen zaie ilara zuzenetan desfilatzea, jende askok parte hartzen duenez, musika aldetik kalitatea ez da garai batean bezalakoa…).

d) Formaltasun edo zorroztasun hori pixka bat malgutzeak erakargarriagoa egiten du gaztetxoek parte har dezaten, eta hori oso positiboa da.

e) Talde denek ibilbide bera ez egiteak nolabaiteko “ordenarik eza” transmititzen du, zenbaiten ustez.

f) Alkohola banatzen da danborradan zehar; horretarako talde batzuk gurditxoak dauzkate.

g) Danborradan parte hartzen duten taldeen artean ikuspuntu desberdinak daude: batzuk “formaltasunaren” aldeko joera, beste batzuk danborrada “askeagoa”…

h) Batzuk ondo pasatzera, beste helbururik gabe, ateratzen dira; beste batzuk, aldiz, herritarrei gustatzea ere badute helburu…

i) Danborradaren garai bateko ideia zaharkitu batzuk eztabaidan jarri eta itxura aurrerakoia ematen dioten elementuak azaldu dira (Gaztetxearen karroza eta hark jorratzen dituen gaiak; bandera-eramaileen irudia aldatzeko hainbat jokaera…).

Ondorioak. Danborradako taldeek beraiek erabaki behar dute zein izan behar duten danborradaren ezaugarriak. Hasierako garaiak aipatu ditut, alegia, tradizioa. Baina tradizioak ez du izan behar aldaezina. Ondorioz, zilegi da beste era bateko danborrada antolatzea, askeagoa, anitzagoa, jostalariagoa, nahasiagoa… eta, nahi bada, iraultzaileagoa. Hori bai, diseinu horretan talde denak eroso sentitzen saiatu beharko genuke.

Beste kontu bat da ikuslea. Eredu bat hartu edo bestea hartu, ezaugarri batzuk jarri edo besteak jarri, ikusleengan eragina izan dezake. Ondorioz, beste debate bat da ikusleek ba ote duten iritzia emateko aukerarik hemen, edo danborradan parte hartzen dutenen erabakia ote den (eta ikusleei gustatzen ez bazaie baina guk ondo pasatzen badugu, zer egingo diogu ba!).

Geuk ondo pasatzeko ekitaldia bakarrik bada, ikusleak kontuan hartu gabe, gerta liteke ikuslegoari arrotza egitea danborrada eta ez parte hartzea ikusle gisa. Edo alderantziz, gerta liteke ikuslegoari begira bakarrik eginez gero danborrada, parte-hartzaileak “txotxongilo” soil batzuk sentitzea. Bi elementu horien arteko orekan (ondo pasa parte-hartzaileek eta ikusleek) dago nire ustez gakoa.

Argazkia: Gaztetxeko lagun kuadrilla bat 2017ko danborradan (Danbolin). Poza, alaitasuna, gaztetasuna, edertasuna, barruko indarra, freskotasuna, ikusleenganako enpatia… Gure danborradarentzako nahiko nituzkeen ezaugarriak.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide