Albisteak

Otsailaren 15ean Eskarabilera jasotzera etorriko dira basauritarrak Zestoara

Jokin Artetxek Izarraitzen aurkitutako Eskarabilera pertsonaiaren buruaren bila etorriko dira otsailaren 15ean, larunbata, ehun basauritar inguru.

Basauriko jaietako ohitura da festei amaiera emateko buruhandia aireratzea. Urtero txandakatzen joaten dira 16 kuadrilla, aurtengoan, Aldatxaren txanda izan da. Ohikoa Eskarabilera burua inork ez aurkitzea izaten bada ere, 2024ko festetan jaurtitakoa, urria amaieran Jokin Artetxe arroarrak topatu zuen Izarraitzen oilagorretan zebilela.

Jokinek orduan kontatu zigunez, Izarraitzen oilagorretatik bueltan kotxera zetorrela urrutira ikusi zuen buruhandi moduko bat. Gerturatu eta atzealdean mezua zuela konturatu zen: “¡Eres el afortunado!” zioen. “Bertan jartzen zuen zer egin behar nuen, nora deitu… aurkitzen zuenarentzat 150 euroko ordainsaria egongo zela ere jartzen zuen” kontatu zigun Artetxek. Kotxetik 500 metrora omen zegoen. “Edonork ikusita ere, hau nora doa buruhandi zahar horrekin?” pentsatu omen zuen bere baitan. Kasualitatez Jokinen koinata Basaurikoa da eta hari deitu zion beste zerbait argitu nahian. Sorpresaz hartu omen zuen albistea “atzo ikusi genuen burua hegan eta jada agertu da? eta gainera Zestoan?” esan omen zion. Urte batean Normandian agertu omen zen, beste batean Txekiar errepublikan, baita gertuago ere, Ibarrangelun…

Aldatxako kideen esanetan goizeko 11:00ak aldera iritsiko dira Zestoara. Aurrena, Jokin Artetxek buruhandia itzultzeko ekitalditxoa izango da. Jarraian, herrian zehar poteoa egingo dute musika eta jolasekin eguerdian.

 

 

 

 

 

Basauriko festetako pertsonaia nagusia da Eskarabilera. Buru gainean ikatza eramaten zuten aitzinako emakumeei egiten die erreferentzia.

 

 

 

 

 

Barrenean 2024ko jaietan Eskarabilera aireratu zeneko unea:

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide