Albisteak

EEEko zuzendariak eta Zestoako EAJk Osinbeltzen egindako agerraldia dela eta, hainbat galdera erregistratu ditu EHBilduk Legebiltzarrean

Zestoako EAJk Osinbeltz gunea “biziberritzeko” proiektua aurkeztu zuen joan den urtarrilaren 27an. Aurkezpenean izan zen Iñigo Ansola EEEko zuzendaria eta Garikoitz Mendizabal Zestoako oposizio buruak proiektuaren berri eman zion. Aurkezpen horrek zeresana sortu zuen, eta EHBilduk Iñigo Ansolak proiektua aztertzeko prestutasuna erakutsi izana gaitzetsi zuen.

Egun batzuk beranduago, EHBildu koalizioak ekitaldi horri lotutako hainbat galdera erregistratu ditu Legebiltzarrean:

1.- Jaurlaritzaren arabera ondo jokatu al zuen Energiaren Euskal Erakundeko zuzendariak, Zestoan, urtarrilaren 27an, bertako EAJren ekitaldi aurreelektoral
batean parte hartuz? Erantzuna baiezkoa izanez gero, zergatik? Erantzuna ezezkoa izanez gero, zergatik eta ondorioz zer egingo du Jaurlaritzak?

2.- Energiaren Euskal Erakundeko zuzendaria prest al dago udal-oposizioan dauden alderdi guztien energia-proiektuen bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa aztertzeko, baita “ahalik eta erantzun azkarrena” emateko ere? Eta haien hautagai nagusiarekin zein energia-proiektuekin hedabideetarako argazki bat ateratzeko? Zergatik?

3.- Eta Jaurlaritzako beste edozein saileko edota erakundeko zuzendariak? Prest al daude udal-oposizioan dauden alderdi guztien proiektuen bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa aztertzeko, baita “ahalik eta erantzun azkarrena” emateko ere? Eta haien hautagai nagusiarekin zein proiektuekin hedabideetarako argazki bat ateratzeko? Zergatik?

4.- Jaurlaritzak zer egingo du bere menpeko sailetako eta erakundeetako baliabide pertsonal eta ekonomikoak ez daitezen berriz ere elektoralki erabiliak izan?




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide