Egañazpi kantatzen

Basker” izeneko dokumentala aipatu zigun lehengo batean Jone Bergarak eta trailerra jarri zigun ikusgai. Aspalditik nenbilkien buruan dokumental horiek “Aztarka” honetara ekartzea mereziko zuketela, eta, hara, oraintxe jarri dit Jonek aukera aurrez aurre.

Ezer baino lehen, irakurlea testuinguruan jar dadin, zer da “Basker”? Ba, 1963an, Dan Grenholm eta Lennart Olson erreportariek, Suediako SVT telebistarako lan bat egiteko Euskal Herria bisitatu zuten hainbat astetan zehar. Euskal kulturari eta folkloreari buruzko bi film laburretarako filmazioa egin zuten (Basker eta Bonde i Baskerland). Mende erdi baino gehiagoz galduta egon ondoren, harribitxi zinematografiko bihurturik datozkigu bueltan lan biak, 1960ko hamarkadako Euskal Herriaren inguruko irudi apartak eta ikuspegi bitxia eskainiz, hori guztia Argibel Euba Ugarte ikerlari bizkaitarrari esker.

Euskal kulturaren, folklorearen eta baserriko bizimoduaren hainbat elementu erakusten dizkigute: Iturengo eta Zubietako inauteria, eskuzko pilota-jokoa Oiartzungo kontzejupean eta Bergarako frontoi zaharrean, kalejira eta aurresku-txapelketa Abadiñoko probalekuan, Sakabi eta Egañazpiren trikitixa, idi-proba, harri-jasotzea eta ahari-jokoa Aiako plazan, Zumarragako trikitrixa, Basarri eta Uztapide bertsolariak Berrizko tabernan, Egileor eta Gabilondo bertsolariak Bergarako elkarte batean, arrantzaleak kantuan Ondarroako tabernan, Leon Bilbaoren alboka Arratiako Artean, erromeria informala Arteako Maurizia eta Karakol trikitilarien etxean, nekazari-bizitza Ataunen, Zumarragako lantegi bateko lana, Bergarako Itxasmendi baserri-bizitza…

Ikus-entzunezkoan bi zestoar ezagun agertzeak lotzen du, batez ere, filmazio hori Zestoarekin. Batetik, Jonek dioen bezala, Uztapide ageri da Basarrirekin batera, eta hura “segundo batzuetan bada ere, kantuan entzuteagatik bakarrik merezi du klik bat egiteak”. Bestetik, Joxe Mari Urbieta “Egañazpi” (1920-2006) ageri zaigu Sakabi soinu-jolearekin batera, eta esan behar da artista bikote horren testigantzarik zaharrenetakoak direla. Akaso, oker ibiliko naiz, baina uste dut gure Egañazpik, beste hainbat soinu-jole eta pandero-jolek bezala, ez duela behar adinako esker on publikorik jaso gure herrian. Zorionez bai ordea kanpoan, eta horren adibide dira aipatutako dokumentalak. Juan Carlos Perez Itoiz taldeko liderrak zioen bezala, “ez zik esan polita ez dela Egañazpi kantatzen, Egañazpi kantatzen… Sakabiren Larrinaga-Guerrini-arekin eta gero, eta gero, atseden bat hartzen duenian”.

Joxemari Iriondok zioen (Uztarria, 2006-04-22) koplari bete-betea zela Egañazpi. Besteak beste, 1970ean Donostian egin zen Trikitilarien Lehenengo txapelketan bikoterik onenaren saria ez ezik koplari onenarena ere eman omen zioten. Eztarri ederrekoa omen zen, batere behartu gabe gozo asko kantatzen zekiena. Berdin omen zitzaion hari lau kopla nahiz 24 kantatu, bere indarrak ondo neurtu eta behar bezala modulatzen omen zekien-eta. Eztarria nola zaintzen zuen –galdetu omen zion behin Iriondok– eta “pañuelo xahar bat lepoan jarri eta horrelaxe”, erantzun omen zion, sano asko. Iriondok dio, jendearen aurrean lehenengo saioa Zarauzko eztei-festa batean egin zuela, eta harrezkero Euskal Herri osoan ibili zela, panderoa jo eta kantatu. 1992ko Santa Luzia egunean Zumarragan egin zuela azkenengo plaza, esan omen zion Egañazpik Iriondori; bere bizitzako bidea beste bide batzuetan aurkitu zuela eta oso zoriontsu zela aitortu omen zion.

Basker” dokumentalean, Aiako udaletxe aurrean jotzen dute fandangoa, lasai asko, kameraren aurrean asko urduritu gabe. 1963ko otsailaren 17an, igandez, hartutako irudiak dira. Hona Egañazpik, grina handiz, abesten dituen hitzak: “Aitatutzera nihoa / pelotarien izena / Euskal Herrian dagoen / jokorikan ederrena”.

 

Filmazioa toki askotan egin zen, besteak beste, Abadiñon, Artean, Ataunen, Bergaran, Berrizen, Ituren eta Zubietan, Martutenen, Oiartzunen, Ondarroan, Zumarragan… Hemen, gure inguruan, Aiako plazan grabatu zuten (Sakabi eta Egañazpiren trikitixa, idi-dema, harri-jasotzea eta ahari-talka…) baina Zestoa aldetik ez ziren bistaratu. Ez utzi horregatik dokumental biak ikusteari, eder-ederrak dira eta.

Bide batez, nahiz eta horietan ere ez den ageri gure herria, badira beste hainbat dokumental bikain, oso eskuragarriak, eta nik hemendik biziki gomendatzen dizkizuedanak: Nestor Basterretxeak eta Fernando Larrukertek egindako “Ama-lur” (1968; iraupena 100 min.) eta Pio Caro Barojak egindako “Gipuzkoa” (1976-1979; iraupena 245 min.).




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide