Albisteak

Ekintzaz josita dator Gaztetxearen 30. urtemuga

Zestoako Gaztetxeak 30. urtemuga ospatuko du apirila guztian zehar. Ostiral honetan hasi eta maiatzaren 4a bitartean denetariko ekintzak antolatu dituzte gazte asanbladako kideek. Ostilarean, hilak 12, bertso afaria izango da Xalegi, Gurru eta Danel bertsolarien eskutik. Dagoeneko afarirako txartelak salgai daude 10 euroren truke Portale eta Koiote tabernetan eta AEK-n.

Larunbatean urtemugako egun nagusia izango da. Eguerdiko 13:00ean “Gaztetxeak 30 urte” lemapean argazkia aterako dute plazan. 14:30ean, bazkaria egingo dute arkupetan eta ondoren, mural pintaketa izango da parkean. Iluntzean, berriz, musikak hartuko du Gaztetxea. Hainbat herritarrek osatutako talde ezberdinak igoko dira oholtza gainera eta hainbat abestiren bertsioak joko dituzte. Egunari amaiera borobila emateko, DJ HGSren musikaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.

Apirilaren 26an, aldiz, arratsaldeko 18:00etan hasita, gaztetxetik pasa diren belaunaldi ezberdinen testigantzak jasotzen dituen bideoaren emanaldia izango da Gaztetxean eta ondoren, mahaingurua, luntxa eta The Oiers talde ondarrutarraren kontzertu akustikoa. Urteurrenaren ospakizunak  Ezapalak, Polybius eta Rodeo taldeen kontzertuekin amaituko dira maiatzaren 4an.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide