Albisteak

Elizan izandako kalteak aztertzen dabiltza arkitekto eta suhiltzaileak

Atzo gaueko 21:30ak inguruan tximista batek kanpandorrea jo eta eztanda handi baten ondorioz kanpandorreko kupulako hainbat harri plazara erori ziren. Goiz guztian zehar, kalteak nolakoak izan diren aztertzen dabiltza suhiltzaileak eta udaletxeko eta eliz barrutiko arkitektoak elkarlanean. Koldo Intxausti Zestoako Andra Mariaren Jaiokundea parrokiako apaizak adierazi duenez kupula eta portikoa ere  kaltetuak gertatu dira eta plazara erori diren harriez gain, elizako goialdean dagoen korora ere harriak erori dira, organoaren ezkerreko zatia suntsituz.

23:00ak aldera sakristiatik kea irteten zela sumatu zuten atzo plazara bertaratutakoek. Gorka Unanue EAJko zinegotziak jakinarazi duenez sakristian kokaturik dagoen  argi indarraren koadroa ere kaltetua gertatu da, eliza argi indarrik gabe utziz. Koldo Intxaustiren esanetan, “parrokiako megafonia eta proiektorea erabat hondatuta daude eta hilabeteetako lana dugu aurretik guzti hau konpontzeko”.

Gaur goizean zehar garabi bat iritsiko da plazara eta kanpandorrean eragindako zuloak estaliko dituzte, etengabeko euriak eta elurra direla eta ura sartzen baita parrokiara. “Suhiltzaileak astelehenean hasiko dira kanpandorrean kaltetuak suertatu diren harri zatiak kentzen eta ordura arte plaza zigilatuta mantenduko da segurtasun neurri gisa” adierazi du Unanuek.

Zorionez, eztanda gertatu zen unean ez zegoen inor parrokia inguruan eta ez du inork mink hartu.

Hemen entzungai Nagore Telleria kazetariak Gorka Unanue EAJko zinegotzia, Nerea Irure Zestoako bizilaguna eta Josetxo Mendizabal herriko alkateari egindako elkarrizketak Euskadi Irratiko Amarauna saioan.

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide