Paperekoa

Zestoako Andre Mariaren Jaiokundea eliza

Zestoako udalerriak hiru parrokia ditu, parrokia bakoitzak bere parrokia eliza du, eta parrokia eliza bakoitzak bere erretaula. Mendez mende kristau eliza katolikoak erretaulen bidez apaindu izan dira. Sinestunentzat erretaularik gabeko eliza pobrea zen ezinbestean. Gaur egun berriz, arkitekto modernoak eliza hutsak eraiki zale dira; halaber baita antzinako elizak biluzteko zale ere; horrela gehiago luzituko dutelakoan. Hori izugarrikeria irudituko zitzaion hainbat belaunalditako jendeari. Izan ere, erretaularik gabeko elizan errezoak nora begira egingo dira, bestela?

Horixe dira erretaulak, irudi santuak, errezorako irudiak, bestela esanda, errezora, hausnarketara edo erlijioa bera sentitzera daramaten irudien edo ikuskarien multzoa. Norbaitek esango luke hori guztia gauza jakina dela. Seguru asko, gazte askorentzat erretaula gauza ezezaguna izango da, zenbait heldurentzat komunikazio digitala (zeinuak, koloreak, esanahi garbirik ez duten formak…) izan daitekeen bezalatsu. Beste adibide bat: mendebaldeko artearekin ohituta daudenei galde iezaiezue tenplu hinduetako erliebeak edota Historiaurreko labar-artea ulertzen dituzten.

Hasierako sarrera pedante hori eginda, erretaulak oso gustuko ditudala aitortu behar dizuet. Zestoan, gainera, erretaula asko dauzkagu. Batzuk txikiak dira, ermitetan banatuta daude. Baina baditugu handiak ere, parrokia elizetan. Zestoako, Aizarnako eta Arroako erretaulek merezi dute bisita pausatu bat. Ez dira, soilik, ezkontza baten atzeko ikuspegia edota hileta-elizkizunetako osagarri solemnea. Erretaula batek erlijioa ulertzeko modua dauka barru-barruan. Erretaulari aretoen dekorazioarekin zerikusirik ez duen bestelako dimentsio espirituala dario.

Egin dezagun historia pixka bat. 1566an (begiratu elizako atalburuan, izar moduko baten barruan, artikulua irakurri ondoren korrika erretaula ikustera joaten zaretenean) hasi ziren gaur egun ezagutzen dugun Zestoako eliza eraikitzen. Urte batzuk lehenago ia dena erre zen. Elizarekin batera bi erretaula ere erre ziren, “Flandriatik ekarriak” paper zaharrek diotenez. Zorionez, Aizarnan badaukagu era horretako bat. Zumaian berriz, garai hartako bi erretaula dituzte,balio handikoak.

Kontuak kontu, XVII. mendearen hasieran eliza eraikita zegoen, baina taxuzko erretaularik ez zeukan, oso gauza xumea eta apala besterik ez. Soluzioa testamentu batek bideratu zuen, zenbait urte geroago. Miguel Irarraga jaun jeneralak erabaki zuen, testamentu bidez, sobera gelditu zitzaion dirua gure hiru parrokia elizetako “Sakramentu Santuaren apainduriara” bideratzea. Irarraga jauna Alcantara ordenako zalduna izana zen, eta zestoarra itxura guztien arabera. Hala ere, diru gehiena Zestoako eliza konpontzera bideratu zuten, bereziki erretaula nagusia eta alboetakoak eraikitzera.

Iruñeko gotzaina 1686an etorri zen eliza bisitatzera, eta erretaulak ahalik eta diru gutxien xahutuz egiteko agindu zuen. Eskultoreek eta arkitektoek ere “traza erdia” (erretaularen diseinua, erdia soilik marraztua) soilik eman zietela adierazi zuten. Artistak Joan Apaiztegi eta Martin Olaizola azkoitiarrak izan ziren. Garbi asko eskatu zitzaien zer eta nola egin behar zuten:

Gainera, adierazi zitzaien erretaula egiteko materiala intxaurrondo eta gaztainondo onetatik ateratakoa izan zedila, eta geroago egingo ziren margolanak ezartzeko hutsuneak utz zitzatela. Lanak ez ziren hain gaizki joan, eta 1701. urtean kontu guztiak kitatu zituzten, artistei ere zuzen ordaindu zitzaien, ondo eta egoki egindako lanagatik. Hamar urtetik gora iraun zuten lanek.

Erretaulari urre kolorea ematea

Eliza batera sartu eta erretaula barroko batek urre kolorerik ez badu, dirurik ez zegoen seinale. Irudiak enkargatzen zirenean, beti polikromatuak enkargatzen ziren. Baina eraikuntza-lanetatik aparteko lana zenez, inoiz urre kolorea eman gabe gelditzen ziren irudiak diru faltagatik. Zestoan dirua iritsi zitzaigun, baina erretaulak egin eta mende erdi bat geroago, 1766 inguruan.

Urre kolorea emateko lana Pasaiako Pedro Rueteri enkargatu zitzaion. Baina garbi adierazi zitzaion, lan horretan hasi aurretik, erretaulari hautsa kendu egin behar ziola, hainbat urte zeramatzanaren seinale. Baita ere, agindu zitzaion urre kolorea erretaula osoari emateko, ez uzteko zirrikitu bat bera ere urre kolorea eman gabe. Santuen irudiak, bakoitzaren koloreagatik nabarmentzeko agindua eman zuten; halaber, bakoitzaren atzealdeko nitxoa ere apaintzeko eskatu zuten. Esan gabe doa, halaxe egin zela.

Haurrak

Erretaularen estai nagusiko entablamendutik zintzilik sei haur biluzi eta sendokoteren irudiak daude; tailla ez da oso txukuna. Ez dira aingeruak, ez baitute hegorik. Eliztarrek 1686an eskatutako irudiak dira; zorionez eskatutakoak baino gutxiago egin zituzten. Aingeruak izan gabe, nahiko ohikoak ziren apaingarri gisa Italian XV. mendetik aurrera; putti deitzen zitzaien.

Baina garai ilunak bizi izan ditugu, eta diktadura garaian, nonbait, zestoarrei (edo auskalo nori) lotsa ematen zien haur biluziak santuen artean, denen aurrean, edukitzea, nahiz eta arima garbikoak izan. Beraz, erretaulatik kendu egin zituzten. Baina 1990ko hamarkada amaieran erretaula zaharberritu zenean, berriro itzuli ziren euren lekura, haur jolasti eta xalo horiek.

Margolanak, Ama Birjinaren jaiotza eta zeruratzea

Erretaulako margolanak Nikolas Bustin bilbotarrak egin zituen 1793an. Ez da ospe handiko artista, baina Ama Birjina protagonista agertzen den erretaula nagusiko margolanak oso txukunak dira.

Erretaularen erdian oihalean egindako olioan Ama Birjinaren jaiotza ageri da. Itxura baten arabera, etxe bateko eszena da: Santa Ana Maria jaio berria garbitzen ari da, oihaletan bilduta; aspaldiko ohitura zen, nahiz eta ez dakigun Jesu Kristoren garaian hala egiten ote zuten. Aingeruek laguntzen diote eta, itxuraz, gela berean, emakume bat ohean etzanda dago, agure bizar handi batek lagunduta. Agurea San Joakim ote da? Eta emakumea Santa Ana bera, erditu ondoren? Ebanjelioen arabera, biak zaharrak omen ziren, ametsetan San Joakimi agertu zitzaion aingeruak Mariaren jaiotzaren berri eman zionean. Leku berean, goialdean, era ikusgarrian, Mariaren zeruratzea irudikatzen da, hodeien eta aingeruen artean.

Erretaularen goialdean, esferaerdiari egokituta, Ama Birjinaren zeruratzea irudikatuta dago, oholean egindako olioan. Hor soineko gorria eta mantu urdina daramatza, barreneko irudian soineko zuria eta mantu urdina daramatzan bitartean. Inguruan musika-tresnak jotzen ari diren aingeruak dauzka, eta hodei gainean arrosak eta zitoriak ageri dira. Irudikapen horiek guztiak garai hartako margolariek erabiltzen zituzten, Maria Sortzez Garbiaren dogma adierazteko, jatorrizko bekaturik gabe jaio zen Ama Birjinaren ustea adierazteko, alegia. Hirutasun Santua zain dago, bi eszenetan, Ama Birjina, zeruetako erregina, koroatzeko.

San Josef eta San Frantzisko

Bi eskulturarik handienak San Josef eta San Frantzisko dira; bakoitza zutabe bihurrituen erdian kokaturik dago.

San Josefen hainbeste irudikapen ikusi ditugu, baina sarritan ahaztu egiten zaigu XVII. mendera arte erlijio iruditerian ez zela agertu ere egiten. Bai santu moduan eta baita modelo moduan ere, XVII. mendean eman zitzaion garrantzia, gizarte kristauaren oinarri zen familia arriskuan ikusi zutenean. Ordutik aurrera, San Josef familiaren oinarrizko eredu bilakatu zen, eta erretaula guztietan leku nabarmena ematen hasi zitzaizkion.

San Frantziskok kordoi batekin lotutako luxu handiko jantzia darama , berez, zaia arrunta egokiagoa izango balu ere. Zerura begira dago, hatz muturrez seinalatzen duen lekura, hain zuzen. Estasian dago; Kristo gurutzean dagoen bitartean, San Frantzisko Pasioaren estigmak jasotzen ari da.

San Ignazio eta San Frantzisko Xabierkoa

Bizkaiko eta Gipuzkoako parrokia elizetako erretauletan San Ignazioren irudia agertzen da. 1622an egin zuten santu, eta urte batzuk geroago Gipuzkoako eta Bizkaiko zaindari izendatu zuten. Izan ere, amaren aldetik Bizkaiko jatorrikoa zen.

Jesusen Lagundiaren fundatzaileak itxura klasikoa du: apaiz janzkera, esku batean kustodia, Jesusen izenarekin eta beste eskuan Konstituzioen liburua AMGD idatziekin. Eta aurpegia? Ez al da harrigarria berez izango zituen aurpegi zorrotza eta buru soildua edukitzea? San Ignazioren benetako aurpegiera hurbiletik ikusi nahi baduzue, zoazte Loiolara.

Vicente Davila

Laster, danbolin.eus webgunean Aizarnako eta Arroako parrokietako erretaulen inguruko artikuluak.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide