Albisteak

Tximista batek Zestoako elizako kanpandorrean kalte larriak eragin ditu

Gaueko 21:30ak aldera, tximista batek jo du kanpandorrea eta eztanda handi baten ondoren harrizko zati handi batzuk, gehienbat kanpandorreko kupulakoak, erori dira plazara. Zorionez, bertan ez zegon inor momentu horretan eta ez du inork minik hartu. Momentu honetan, eremua itxita dauka Ertzaintzak eta suhiltzaile talde bat kalteen tamaina aztertzen ari da. Ematen duenez, kanpandorrearen oinarriak ez du kalterik jasan eta litekeena da eroritako zatiak bobedakoak bakarrik izatea baina suhiltzaileen azterketak argituko du hori guztia.

Dorrea 1735ean, beraz duela 282 urte, eraiki zen eta bi urte beranduago jarri ziren hiru kanpai Holandan erositakoak eta Zestoako elizara ekarriak Beduako portutik.

23:00ak aldera sakristiatik kea irteten zela sumatu dute plazara gerturatutakoek. Suhiltzaileek azaldu digute koadro elektrikoak su hartu duela, kanpandorreko kanpaia jotzeko sistema koadroarekin konektatuta baitago. Nahiko kontrolatuta dute eta itzaltzen dutenean kanpandorrera igotzeko asmoa dutela esan digute, kalteak zenbaterainokoak diren ikusteko. Momentuan, segurtasunagatik, eliza zigilatu egin dute. Eguna argitutakoan aztertuko dute hobeto eta kalteen neurriaren arabera, baliteke beste zatiren bat ere bota behar izatea.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide