Albisteak

[ELKARRIZKETA] Adonis Gelis: “Igandeko finala oso erronka garrantzitsua da niretzat”

Zestoan pilota kontuak pixka bat jarraitzen dituenak jakingo du Adonis Gelis pilotariaren berri. Pilotan jokatzeaz gain, Magisteritza ikasketak egiten dabil Donostian eta asteburuetan tabernari lanak ere egiten ditu. Euskal Herriko 22 urtez azpiko binakako txapelketako finala jokatuko du datorren igandean, hilak 12, Amurrion.

Nolako txapelketa izan da?

Euskal Herriko 22 urtez azpiko binakako txapelketako finala jokatuko dut igandean, Aranguren donostiarra atzelariarekin batera. Txapelketa duela bi hilabete hasi zen. Bi taldetan banatuta jokatu dugu txapelketa. Pasa den astean finalaurrekoa irabazi genuen eta igande honetan Amurrion finala jokatuko dugu.

Nor izango dituzue aurkariak finalean?

Zubiria (Berrobi) eta Mendia (Beasain) pilotariek osatutako bikotea izango dugu aurkari. Igandean finala jokatuko dugun laurok Amezketako klubean entrenatzen dugu; hori dela eta elkar ongi baino hobeto ezagutzen dugu.

2016 amaieran ere beste final bat izan zenuen…

Bai. Zaldibarko 4 eta erdiko txapelketako finaleraino iritsi nintzen. Irailaren amaieran hasi nintzen txapelketa hura jokatzen, behe-behetik, eta finala abenduaren 31n jokatu genuen. Finalaren aurretik bost partida jokatu nituen, partida guztietan galtzailea kalera joaten zen. Finala galdu egin nuen (22-20), baina gustura nago emandako mailarekin.

Zer modalitatetan ikusten zara ondoen?

Binaka eta 4 eta erdiko modalitateak ditut gustukoen.

Txapelketa honen ondoren zer etorriko da?

Hemendik aste gutxira Gipuzkoako 4 eta erdiko txapelketa hasiko da eta hor parte hartuko dut. Ondoren uda gerturatzen joan ahala hainbat txapelketa izaten dira. Ea zortea dudan eta partida asko jokatzen ditudan.

Zer entrenamendu mota egiten dituzu?

Amezketako klubean asteartero entrenatzen dut, eta larunbatean edo igandean partida edukiz gero, ostegunean ere entrenatzen dut. Horrez gain, astelehen eta asteazkenetan Aitzol Astiazaran prestatzaile zestoarrarekin lan fisikoa egiten dut. Astero hiruzpalau entrenamendu eta partida bat izaten ditut.

Noiz ikusiko zaitugu Zestoako frontoian?

Urtero herriarteko txapelketa izaten da, eta ondobidean Zestoako taldean jokatuko dut. Maiatza inguran izaten da txapelketa hori, eta nire herria ordezkatuz oso gustura jokatuko dut Zestoako frontoian.

Aurrera begira zer erronka dituzu?

Lehen erronka igande honetako finala irabaztea izango da, igandeko finala oso erronka garrantzitsua da niretzat. Hortik aurrera, ahalik eta partida gehiena jokatu, partida horietan maila ona eman eta ea txapelketetan aurreko postuetara iristen naizen. Lehen postuetan geldituz gero, hurrengo edizioetan parte hartzeko aukerak handitzen baitira.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide