Albisteak

[ELKARRIZKETA] Danel Lauzirika: “Pentsatzen nuena baino herri biziagoa iruditu zait Zestoa”

Udalbiltzaren “Guretik sortuak” bekan parte hartzen ari da Danel Lauzirika idazle gernikarra. Bere ipuin edo eleberri laburra herri txiki batean kokatu nahi zuen eta Udalbiltzako herri parte hartzaileen artean, Zestoa egokitu zaio. Astebetez, igandera bitarte, egongo da gurean informazio bilketa egiten eta uztailean hamabostaldi bat egingo du Aizarnako Aranburu landetxean. Berarekin bildu da Danbolin:

“Guretik sortuak” bekarako hautatua izan zara. Antzeko beka askotara aurkeztu izan al zara?

Nobelak idazteko beka sariketetara eta aurkeztu izan naiz. Kontua da, ez daukadala jarraipenik. Nik idatzi asko idazten dut, gauzak bukatu, gutxi. Azken aldian ezer egin gabe nengoen, idatzi bai, baina bukatu gutxi eta bukatzen nuen horrek ez ninduen gehiegi motibatzen. Erronkak eta epeak behar ditut.

Nola hartu zenuen hautatua izatea?

Poza hartu nuen ikusita ze jende dagoen, Edorta Jimenez, Itxaro Borda, Bertol Arrieta, Fito Rodriguez… hau da, ibilitako jendea da eta horien zerrenda berean ni agertzeak poza eman dit.

Zer aurkeztu zenuen?

Proiektu bat, batez ere herri txiki bateko lanketari begira. Bilaketa kontu bat da; pertsona bat beste baten bila ari da, idealizatuta izan duen kulturgile baten bilaketa kulturgile horrek ahotsa galdu du. Oso planteamendu irekia nuen. Karkasa antzeko bat sortu nuen. Hasera batean ahotsa galdu duen bertsolari bat ere izan nuen buruan. Protagonista hiritik herrira doa, bertsolari horri zer gertatu zaion jakin nahian… Argumentu aldetik ez nuen busti nahi, ez nekien zer aurkituko nuen gero egokitzen zitzaidan herrian.

Zer egingo duzu zehazki aste honetan?

Batetik, inguruak ezagutu eta bestetik, jendearekin egon. “Geuretik sortuak” bekak kultur arloko jendearekin harremanak izatea ere bultzatu nahi du eta asmo horretan ere banaiz, zerrendatxo bat badut. Portalen ere asko egoten naiz eta han ere ari naiz gauzak jasotzen. Egonaldiko bigarren zatian, beste bi asteetan, Aizarnan izango naiz. Han sortzen hasiko naiz. Luzerari dagokionean, gutxieneko bat eta gehieneko bat dugu eta hor sartu behar gara. Irailaren erdi alderako bukatuta izan beharko dut lana.

Ondoren lan guztiak argitaratu egingo dira?

Udalbiltzak hala jakinarazi du. Guztira 16 lan, ipuin edo eleberri labur izango dira. Eta horrez gain antzezlanak eta filmak. Pentsatzen dut urtea bukatu aurretik, Durangoko azokari begira edo argitaratuta izatea izango dela asmoa. Bekaren beste baldintzetako bat da, gutxienez parte hartu duten herri antolatzaileetan hiru aurkezpen egitea. Beraz, ni Zestoara etorriko naiz liburuaren aurkezpena egitera eta beste bi herritan ere izango naiz.

Herriak nolako inpresioa eragin egin dizu?

Ni bizkaitarra naiz, Gernikan jaio nintzen eta Bilbon bizi naiz. Zestoaz nekien guztia Bainuetxea zuela besterik ez zen. Inguruetatik ibilia naiz baina hemen ez. Zestoaren dimentsioak direla eta pare bat tokitan kokatu beharko dut egingo dudan lana, ezingo dut dena hartu. Inpresioa? Ba herri bizia, pentsatzen nuena baino biziagoa dela. Bainuetxeko zonaldea apurtxo bat dekadentea iruditu zait eta Portalen berriz sekulako giroa dagoela ikusi dut. Paseatzeko zonaldea ikaragarria da eta pandemia, hemen, Bilbon baino askoz naturalago daramazuela iruditu zait.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide