Urria 2026
— 2026-10-29Irakurri 286. zenbakia hemen.

Azaroaren 25aren, Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren, harira, hainbat ekintza antolatu dituzte Zestoan. Zestoako Mugimendu Feministak erreparazio prozesuei buruzko solasaldia eta elkarretaratzea egingo ditu; Itaiak, berriz, Gaztetxearekin elkarlanean bi saio prestatu ditu, eta mobilizazioa deitu du hilaren 25erako, «Indarkeria matxistaren aurka borrokatu» lelopean.
Erreparazio prozesuei buruzko solasaldia eta elkarretaratzea
Zestoako Mugimendu Feministaren lehen hitzordua azaroaren 17an izango da, 18:30ean, Alonderon. Sheila Melcon Sortzen aholkularitza-zerbitzuko psikologo feministak «Indarkeria matxista eta erreparazio prozesuak» izeneko solasaldia emango du.
Saioan, erreparazio prozesuak zer diren eta zer garrantzi duten azalduko du Melconek. Horrez gain, erakundeen egitekoak eta erreparazio komunitariorako ardatzak landuko ditu, eta praktika onen nahiz esperientzien inguruan hausnartzeko aukera izango da.
Azaroaren 25ean, berriz, elkarretaratzea egingo du Zestoako Mugimendu Feministak, 18:30ean, herriko plazan.
Itaiaren ekintzak
Itaiak, Emakumeen Antolakunde Sozialistak, Gaztetxearekin elkarlanean bi ekintza antolatu ditu azaroaren 25aren aurretik. Azaroaren 15ean, igandean, Te doy mis ojos filmaren emanaldia egingo dute, 18:00etan. Hilaren 19an, ostegunean, berriz, emakumeek jasaten duten presio estetiko eta sozialaren inguruko hausnarketa saioa izango da, ordu berean. Bi ekintzak Gaztetxean egingo dituzte. Azaroaren 25ean, mobilizazioa egingo du Itaiak, 19:30ean, herriko plazan, «Indarkeria matxistaren aurka borrokatu» lelopean.
Antolakundeak emakume langileen aurkako indarkeria etengabea dela salatu du, eta diskurtso matxista eta faxistei aurre egiteko kaleko mobilizazioa indartzeko deia egin du. Eskuinaren eta ultraeskuinaren jardunarekin batera, azken urteetan agintean egon diren ezkerreko alderdien erantzuna ere kritikatu du, emakumeen babesa bermatu ez dutelakoan.
Horren aurrean, matxismoaren aurkako jarrera zabaltzea, kalitatezko bizi baldintzen alde borrokatzea eta herri zein auzoetako antolakuntza indartzea proposatu du. «Indarkeria matxistaren kudeaketa hutsa ez da aterabidea guretzat», adierazi du, eta borrokara batzeko deia egin du.
Azaroaren 25aren harira Zestoan antolatutako ekintzak:
Azaroak 15, igandea
+ 18:00etan, Gaztetxean: Te doy mis ojos filmaren emanaldia.
Antolatzaileak: Itaia eta Gaztetxea.
Azaroak 17, asteartea
+ 18:30ean, Alonderon: «Indarkeria matxista eta erreparazio prozesuak» solasaldia, Sheila Melcon psikologo feministarekin.
Antolatzailea: Zestoako Mugimendu Feminista.
Azaroak 19, osteguna
+ 18:00etan, Gaztetxean: emakumeek jasaten duten presio estetiko eta sozialaren inguruko hausnarketa saioa.
Antolatzaileak: Itaia eta Gaztetxea.
Azaroak 25, asteazkena
+ 18:30ean, herriko plazan: elkarretaratzea.
Antolatzailea: Zestoako Mugimendu Feminista.
+ 19:30ean, herriko plazan: «Indarkeria matxistaren aurka borrokatu» lelopeko mobilizazioa.
Antolatzailea: Itaia.