Urria 2026
— 2026-10-29Irakurri 286. zenbakia hemen.

Gaur goizean aurkeztu dute Larrazken Kulturala egitasmoa Zestoako Liburutegian. Bertan izan dira Udaleko Kultura Batzordeko Mikel Arregi alkatea, Garikoitz Mendizabal eta Margarita Eizagirre. Udaberri Kulturala eta Euskararen Loraldia egitasmoen ondoren, urte amaierarako kultur eskaintza berria prestatu du Udalak eta Urepeleri keinu eginez, Larrazken Kulturala izena eman diote.
«Musikarekin hasi eta bertsoekin amaituko da», azaldu dute aurkezpenean. Hilabetez, bederatzi kultur hitzordu bilduko ditu zikloak, euskara, historia, memoria eta ondarea ardatz hartuta, hainbat formaturen bidez.
Mikel Arregi alkateak azaldu duenez, programazioaren zati handi bat herrigunean egingo bada ere, auzoei ere erreparatzen saiatu dira egitaraua osatzerakoan. Hala, Aizarnan emango diote hasiera zikloari, eta Endoian egingo dute azken hitzordua. Arroabean ere izango da ekitaldirik.
Garikoitz Mendizabalek, bere aldetik, Kultura Batzordearen funtzionamendu «ona» nabarmendu nahi izan du. Elkarlana «modu egokian» joan dela adierazi du, eta egitaraua «logika onarekin» osatu dutela azpimarratu.
Herriko historiari, euskarari eta ondareari begira sortutako programazioa
Egitarauan leku nabarmena izango dute Zestoako historiak, memoriak eta ondareak. Besteak beste, herriko aztarnategi paleontologiko eta arkeologikoak ezagutzeko aukera izango da, baita Aranzadik, Arroabeko zigor-destakamenduaren inguruan egindako ikerketaren berri jasotzekoa ere. Europako iheslariek Zestoan izandako presentzia eta udaletxeko batzar aretoko bankuen zaharberritzea ere izango dituzte hizpide.
Euskarak ere izango du bere lekua egitarauan, Euskararen Nazioarteko Egunaren bueltan. Xabier Euzkitzek gidatutako Euskaraz ganoraz ikastaroa antolatu dute, hizkuntzaren erabileran sakontzeko. Horrez gain, bi liburu aurkezpen izango dira: batetik, Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian, natur ondarea ardatz duen lana; eta bestetik, Zubizarreta ahizpak memoriaren kalejiran, memoria historikoari lotutakoa.
Ikuskizunei dagokienez, musikarekin emango diote hasiera zikloari, Aizarnako elizan egingo den organo eta txistu kontzertuarekin. Amaiera, berriz, bertso zaharren errezitaldiak eta afariak emango diote Endoian, Xalbadorren heriotzaren urteurrenaren harira.
Larrazken Kulturalaren egitaraua
AZAROA
+ Azaroak 22, igandea. 12:00, Aizarnako eliza. XXXVII. Gipuzkoako Organoak Zikloaren barruan, Mikel Ansola Garitagoitia organo-jolearen eta Garikoitz Mendizabal txistulariaren kontzertua.
+ Azaroak 24, asteartea. 18:30, Alondero. Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian* liburuaren aurkezpena. Jakoba Errekondo, Markel Arriolabengoa eta Iñaki Etxebeste adituek idatzia, Dani Blancoren argazkiekin osatua.
+ Azaroak 26, osteguna. 18:30, Alondero. Hezurretatik harago: Zestoako aztarnategi paleontologiko eta arkeologikoei begirada geologikoa* hitzaldia. Hizlariak: Martin Arriolabengoa Zubizarreta eta Ane Corral Cobos.
+ Azaroak 29, igandea. 11:00-15:00, udaletxe azpia. Arkeologia erakusketa, Antxieta Arkeologia Taldearen eskutik.
ABENDUA
+ Abenduak 3, 10 eta 17, ostegunak. 18:30, Liburutegia. Euskaraz ganoraz ikastaroa, Xabier Euzkitzerekin. Doakoa izango da, baina aurrez izena eman beharko da.
+ Abenduak 9, asteazkena. 18:30, Elkargunea (Arroabea). Arroabeko zigor-destakamenduari buruzko ikerketaren berri emateko hitzaldia. Hizlaria: Zoihartze Osa (Aranzadi Zientzia Elkartea).
+ Abenduak 16, asteazkena. 18:30, Alondero. Europako iheslariak Zestoan konfinatuta* hitzaldia, Karlos Almorzaren eskutik. Erakusketa ere izango da Alonderon, abenduaren 16tik 18ra.
+ Abenduak 18, ostirala. 18:30, udaletxeko areto nagusia. Udaletxeko batzar aretoko bankuen zaharberritzearen eta ikerketaren inguruko hitzaldi-solasaldia.
+ Abenduak 19, larunbata. 12:00, Liburutegia. Zubizarreta ahizpak memoriaren kalejiran* liburuaren aurkezpena. Idazlea: Amaiur Aristi.
+ Abenduak 22, asteartea. 20:00, Endoiako taberna. Bertso zaharren errezitaldia eta afaria, Xalbadorren heriotzaren urteurrenean, Uztapideren sorlekuan. Bertsolariak: Unai eta Eñaut Agirre. Txartelak aurrez jarriko dira salgai.