Albisteak

“Emeen kemen” helduentzako ipuin kontaketa saioa izango da bihar

Argazkia: Goiena.eus

Apirilaren 23an ospatuko den Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira, herriko hainbat eragilek elkarlanean Hitzetik Loratu izeneko egitaraua prestatu dute. Apirilaren amaierara arte luzatuko den egitarau honek ahozkotasuna eta literatura ardatz dituen saioak eskaintzen ditu haur, gazte zein helduentzat.

Hurrengo hitzordua bihar, ostirala, izango da, arratsaldeko 19:00etan, Kultur Etxean. Helduentzako saio honetan Maider Alcelay ipuin kontalariak eskainiko du “Emeen Kemen” izeneko narrazio saio musikatua. Azken urteetan Maiderrek jasotako hainbat istorio izango dira protagonista; istorio hauek elkarren artean lotuta daude, eta lotura horren muina emakumeek bizitzeko, sentitzeko eta aurrera egiteko nahian datza. Igor Sala musikari arrasatearrak jarriko ditu hitzak dantzan, akordeoiaz baliatuz.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide