Paperekoa

[ENBIDOA] Eskerrak bizikletari!

Burugogorra haiz ba gero, Kami! Esan ez nian ba enbidorik ez botatzeko niri!

Arrazoia daukak, aurten oso gogotsu nabilek bizikletarekin gure inguruko paraje ederrak ezagutzen. Autoz sekula iritsi ez naizen herrietatik igarotzeko aukera eman dit bizikletak; besteak beste, Ernio magaleko herri txikietako paisaiez gozatzen ibili naiz, eta Alkiza bezalako txokoetan izan naiz.

Badira urte batzuk bizikletan ibiltzen hasi nintzetenik; konkretuki, 2013az geroztik nabil bi gurpilen gainean batetik bestera. Ez dakit zoritxarrez edo zorionez, baina ustekabeko istripu baten ondorioz hasi nintzen bizikletan ibiltzen. Mendiko motorrean nenbilela, erorikoa izan nuen, eta lotailu gurutzatua eta meniskoa apurtu zitzaizkidan. Hori dela eta, medikuak esan zidan errehabilitatzeko modurik onena bizikletan ibiltzea zela, eta halaxe hasi nintzen.

Bizikletarik ez neukan, ordea, eta Kamik, Orbea zahar bat erabiltzen ez zuenez, niri utzi zidan nola moldatzen nintzen ikusi ahal izateko. Beraz, esan daiteke nire lehen kilometroak hari esker egin nituela. Berehala ohartu nintzen oso gustuko nuela errepidean ibiltzea. Marka da gero! Lehen, autoan nindoanean, txirrindulariak oztopo handia zirela iruditzen zitzaidan, eta kritikatu egiten nituen une oro; orain berriz, ni kritikatzen ibiliko da norbait akaso.

Mikeli erantzunez, bai, aurten ere furgoneta hartu eta mendiak igotzera joango gaituk, baina ez Pirinoetara, Kantabriara baizik. Malda gogordun pare bat mendate gordeta zeuzkaat hiretzat, ea nola moldatzen haizen! Kar kar kar! Orain, barraskiloak izango bagina bezala, janaria, arropa eta bizikletak gainean hartu eta goazen denbora libreaz gozatzera!

Eta denbora librea aipatuta, pertsona bat etortzen zait gogora. Aspaldian falta da Elortzareneko urdaitegian, eta hura ikusi orduko herriko irribarrea ateratzen zaigu herritar askori. Txaro Uriaz ari naiz, eta bere denbora libreaz gozatzen dabil bete-betean. Badakit hondartza zalea zarela eta Benidorm oso gustuko duzula. Udara gainean dugu, eta ba al duzu buruan ezagutzea gustatuko litzaizukeen munduko bazterrik?

Hector LarraƱaga Etxeberria




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide