Paperekoa

[ENBIDOA] Running garaiak

Epa, Asier. Ba gu ere oso gaztetxotan hasi gintuan korrika (garai hartan, “saltaka”). Ez dakit zenbat urterekin, sanjosetako kroseko astean lagun artean entrenatzen ari ginela gizon bat etorri zen guregana. Iñaki Irureta Triku zen, eta nahi bagenuen aurrerantzean korrikan nolabaiteko era antolatu batean entrenatzen hastea proposatu zigun.

Hasiera batean lagun hankamehe bakar batzuk hasi ginen, baina, oso denbora gutxian, Zestoako Atletismo Taldea sortuz gaztetxo mordo bat¬ bildu ginen, neska eta mutil, guraso eta gazte batzuk elkar hartu eta zereginak antolatuta. Esango nuke herriko atletismoko urrezko garaia bizi izan genuela adin desberdinetako “zahar eta gazte” talde haundi bat osatuz, kontuan hartuta ordurako futbolak indar haundia zuela eta korrika ibiltzea nolabait haize kontra ibiltzea zela.

Entrenatzaile eta guraso-laguntzaileak ere beren gogoz etortzen zirenez, bakoitza bere izaerarekin, ez zen aspertzeko modurik izaten. Ez noa izenak aipatzen hastera, asko zirenez norbait ahaztuko zait eta. Oso garai atseginak bezala gogoratzen ditut urte haiek, gehienetan txantxa eta jolasean. Kirol bakartia dirudien arren, entrenamenduak eta krosetarako joan-etorriak taldean eginez oso desberdin ikusten da. Ni oso umetatik beti korrika ibiltzen nintzenez, beti horrela izango zela irudikatzen nuen, baina, bizitzan beste gauza asko bezala, hori ere aldatu zen.

Eta gaia aldatuz, zuretzat ere aldatu al da xomorro eta piztiekin zenuen erakarpen-miresmen hura, Shannon?

Jose Mari Uzkudun




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide