Enegarrenez Zestoako EAJri seriotasun eske!

Beste behin, nahiz eta azkenaldian maizegi Zestoako EAJk ohituak gauzkan antzeko zentzugabeko eta errealitatez kanpoko idatziak irakurtzera, Zestoako Ehbilduk gutxieneko zintzotasun eta seriotasunez jokatzeko eskatzen dio Zestoako EAJri. Izan ere, azken idatziek argi erakusten dute hauteskundeak hurbil egoteak sortzen duen urduritasuna Zestoako EAJk ez dakiela nola kudeatu eta horrelakoetan ohikoa den bezala, egiak ez diren asmakizunetara jo du Zestoako EAJk.

Aurpegirik gorritu gabe, etxebizitza politikari dagokionez, Zestoako udalak ez daukala plangintzarik dio EAJk. Noiz eta eremu tentsionatu izatea lortu duen erkidegoko herririk txikiena garenean eta hori lortzeko hiru urteko ekintza plan politiko tekniko oso bat aurkeztu behar izan duenean udalak Eusko Jaurlaritzan. Horri esker, besteak beste, putre funtsek Zestoan ezingo lukete esku hartu.

Dirudienez, Zestoako EAJk oraindik Zestoako Udalak egindako diagnostiko eta ekintza planik ez du irakurri edo dagoenik ere ez daki. Noiz eta azken udal aldizkarian laburbilduma bat argitaratu zenean, eta pasa den apirilean Zestoako alkateak, Pasaia eta Arrasateko alkateekin eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuarekin batera, gure herrietako planak aurkeztu zituztenean.

Bestalde, ez dakigu nondik atera duen EAJk postetxe zaharra kokatua zegoen eta kale-okerrean udalak eskuratu eta eraitsi dituen eraikinetako orubeen garapena blokeatuta omen dagoenaren gezurra. HAPO edo plan orokorrak postetxeko gunean lehen baino solairu bat gehiago eraikitzeari eragiten dio baina horrek ez du esan nahi garapena blokeatua dagoenik.

Zestoako Udalak aipatu orube horiek Etxebizitza Sailari zesioan eman nahi dizkio, honek hor etxebizitza sozialak eraiki ditzan. Baina horretarako etxebizitzak arrazoizko denboretan eraiki ahal izateko bermeak behar ditu udalak, etxebizitza publikoak amaitzean gaur gazte direnak artean gazte izaten jarrai dezatela, alegia. Eta denok dakigu Eusko Jaurlaritzako maizter nagusia zein alderdi politiko den, beraz, beste behin, Zestoako EAJri umiltasun apur bat ez litzaioke gaizki etorriko.

Azken idatzian berriz, Arroaerrekako markesinaren ingurukoak ditu aipagai EAJk, eta berriro ere asmakizun eta gezurrak nagusi. Arroaerrekako bizilagunek errepide azpiko pasagunea egitea eskatu zuten eta udal gobernuak errepide saileko arduradunekin harremanetan jarri (foru diputatua eta zuzendaria) eta hauek bertan izan zirelarik, garbi adierazi zioten udalari errepide azpiko pasabiderik ezingo zela egin. Hori horrela, udal gobernuak proposatu zuen irtenbide gisa bidegorria baliatu eta lehengo errepide zaharrarekin lotuta markesinarako bidea egitea.

Guzti hau kudeatzeko udal gobernuak, bailarako bizilagunekin batzarrak egin izan ditu eta orain EAJk bere egin nahi duen azken proposamen hau, duela urtebete pasa egindako batzarrean bertako bizilagunek ez zuten begi onez ikusi, bidea luzeegia zelako eta jendeak errepidea gurutzatzen berdin jarraituko lukeelako. Beraz, ez dakigu nola arraio atera duen orain EAJk edo oposizio buruak kontu hau. Alkateari, udal hirigintza teknikariei deus esan gabe eta inongo udal batzordeetan ezer aurkeztu gabe.

Amaitzeko, udal hauteskundeak gertu ditugula baliatuta, elektoralismo merkea eginez etxebizitza bezalako gai serio batekin inolako oinarririk gabeko idatziak publiko egitea benetan gaitzestekoa da eta Zestoako EAJk proposamenik badu, badauka non aurkeztu eta landua.

Zestoan, 2026ko urriaren 25ean




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide