Albisteak

Eraikin berrian emango duten zerbitzuak “inolako murrizketarik” ez izatea eskatu dio Udalak Correosi

Correoseko eraikina udalaren jabetzakoa da eta azken ikuskaritza teknikoa gainditu ez duenez, egoitza berria izango du laster. Correosi zerbitzua “ahalik eta era egokienean eta inolako murrizketarik gabe” ematea eskatu dio udalak.

Correosen barne antolaketan izandako aldaketen aurrean “kezka” adierazi du Zestoako Udalak. Erakundearen esanetan, Correosek udalari “aldaketak herritarrengan eraginik ez dutela izango” adierazi dio. Udalak, ordea, zalantzan jarri du haiek esandakoa, lehen ere arreta zerbitzua sei ordutik hiru ordura murriztu zutela argudiatuz. Hori horrela, aurrerantzean zerbitzua okertzeko “beldur” direla nabarmendu dute.

Lekualdaketa

Correos kokatuta dagoen eraikina udalaren jabetzakoa dela adierazi du udalak. Erakundearen esanetan, 50 urtetik gorako eraikin guztiek pasa beharreko ikuskaritza ez du gainditu eta azterketa teknikoak konpontzea baino eraistea egokiagoa da. Ondorioz, epe motzean eraikina eraitsi egingo dute. Udalak beste eraikin bat utziko dio Correosi eta dagoeneko aldaketa prozesua martxan dute. Eraikin berrian epe motzean hasiko den zerbitzua “ahalik eta era egokienean eta inolako murrizketarik gabe” eman dezan eskatu dio Udalak Correosi.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide