Albisteak

Zestoako eta Aizarnazabalgo Correoseko lanpostuak eta zerbitzuak murriztuko direla salatu dute LABek, ELAk eta ESKk

LAB, ESK eta ELA sindikatuek salatu dute azaroaren 3tik aurrera, Zestoa eta Aizarnazabalgo Correoseko postarien lanpostuetan eta zerbitzuaren kalitatean murrizketak egongo direla. Murrizketa horien aurrean, elkarretaratzea deitu dute azaroaren 2rako.

Gipuzkoako Correos eta Telegrafoetan ordezkaritza duten LAB, ESK eta ELA sindikatuek jakinarazi dute Zestoa eta Aizarnazabaleko postarien lanpostuetan eta zerbitzuaren kalitatean murrizketak egongo direla. Sindikatuek azaldu dute postariak Zestoatik Azpeitira lekualdatzeaz gain, Correosek Zestoako lanpostu bat eta Azpeitiko beste bat kendu eta zerbitzua emateko geratzen diren Zestoako langileak gainkargatu dituela.

Sindikatuek adierazi dute Correosek lanpostuak ezabatzearen arrazoia, posta arruntaren murrizketan oinarritzen dela: “Azken urte haietako posta arruntaren murrizketan oinarritzen da enpresa bi lanpostu ezabatzeko, baina ez du ezer esaten paketeriaren (%24.8) eta erregistratutako produktuen (ziurtagiriak eta jakinarazpenak) igoerari buruz, ezta 2021eko uztailaren 14an argitaratutako irabaziei buruz ere (1,8 milioi euro lehen seihilekoan)”.

LAB, ESK eta ELAren arabera, Correosek aldarrikatu du erregistratutako bidalketak “enpresaren finantzaketa-iturri garrantzitsuenetako” bat direla. Sindikatuen esanetan, horren ondorioz, Correosek “milioi asko” inbertitu ditu  sailkapen eta PDA makinetan (32,9 milioi) eta horrek “plantilaren murrizketak” eta “zerbitzuaren kalitatea galtzea” ekarri dituela: “Zerbitzuaren kalitatea galdu da (entrega-epeak betetzeko zailtasuna),  eta lan-baldintza okerragoak ezarri dira plantilarentzat, eta hauek aurre egin beharko diete egin ezinezko lan-kargei eta gehiegizko distantziei. Azpeiti eta Zestoa bitartean dagoen distantzia ahaztu gabe (17,6km joan etorria)”.

Elkarretaratzea azaroaren 2an

Azaroaren 3tik aurrera, beraz, Zestoari eta Aizarnazabali zerbitzua emango dioten bi pertsonek 4.551 herritarrei eman beharko diete zerbitzua. Sindikatuek azaldu dute, joan den urtean Zestoako bulegoak sei ordutik hiru ordura murriztu zuela jendaurreko ordutegia eta azken murrizketa hauekin, Correosek “beste bide batetik” joan nahi duela. Murrizketa hauen aurrean, elkarretaratzea deitu dute LAB, ESK eta ELAk azaroaren 2rako. Eguerdiko 12:30ean bilduko dira, Zestoako Correoseko bulegoaren aurrean.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide