Albisteak

Eremu gorrian sartu da Zestoa, eta bihartik aurrera herria itxiko dute

Osasun Sailak lau positibo gehiago atzeman zituen atzo egindako frogetan Zestoan. Aurreko egunetako kasuei gehituta, guztira, 21 positibo daude herrian. Intzidentzia tasak 500eko langa pasa du eta, gaur gaurkoz, 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu metatuen tasa 539,29 kasukoa da herrian. Oinarrizko birsorkutza-tasa, 21,00ra igo da (urtarrilaren 14ean 0,33koa zen).

Intzidentzia tasa 500era heldutakoan, eremu gorrian sartuko ginela adierazi zuen atzo Mikel Arregi Ertxin alkateak eta halaxe izan da. Duela minutu gutxi argitaratu du Jaurlaritzak gutxienez asteartera arte itxita egongo diren udalerrien zerrenda eta horien artean dago Zestoa. Beraz, bihartik aurrera, ezingo da herritik irten eta herrira sartu eta tabernek ateak itxi beharko dituzte. Eskola kiroleko entrenamenduak ere bertan behera geldituko dira.

Positiboak gora eskualdean

Eskualdean, 50 kasu berri atzeman zituen atzo Osakidetzak, atzo baino bederatzi gehiago. Azpeitian zenbatu dituzte kasu gehienak, 18. Eremu gorrian sartu ziren atzo herri horretan eta bihartik aurrera, itxita egongo da herria eta bertako ostalariek establezimenduetako pertsianak jetxiko dituzte. Egoera berean daude Zumaian, eremu gorrian jarraitzen dute eta beste lau kasu atzeman zituzten atzo. Orion ere eremu berean daude eta bost kasu zenbatu dituzte atzo egindako frogetan. Zarautzen, hamaika positibo gehiago atzeman zituzten atzo, hiru Azkoitian eta Aizarnazabalen  eta beste bi Aian.

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide